Edorta Barruetabeñak idatzitako 'Yoko eta lagunak' estreinatuko dute asteon

Anboto 2015ko aza. 3a, 09:13

Azaroaren 6tik 14ra Sevillan (Espainia) egingo duten Zinema Europarraren XII. jaialdian aurkeztuko dute Edorta Barruetabeña durangarra gidoilari duen Yoko eta lagunak filma. Zinemaldi horretako Europa Junior atalean lehiatuko da, hau da, ume eta gazteentzat Europan sorturiko filmen atalean, jaialdi horretan berria den sailean. Azaroaren 7an, Donostian; eta 8an, Eitb-ren Bilboko egoitzan egingo dituzte aurrestreinaldiak.

Zinema-aretoetan ere laster izango da Yoko eta lagunak ikusteko aukera. Azaroaren 13an egingo dute estreinaldia.

Duela lau urte Gartxot, konkista aurreko konkista izenburuko animazioko filma idatzi zuen Edorta Barruetabeña durangarrak Juanjo Elordigaz, eta oraingoan ere elkarrekin jardun dira Barruetabeña eta Elordi. Durangarraren gidoian oinarrituta, Juanjo Elordik eta Rishat Gilmetdinov errusiarrak zuzendu dute Yoko eta lagunak.

Animazioko film luzea da Yoko eta lagunak, 4 eta 8 urte arteko ikuslegoarentzat pentsatua dagoena, eta Vik izeneko sei urteko haurra protagonista duena.

Lan kontuak direla medio, Viken gurasoek hirugarrenez erabaki dute beste hiri batera bizitzera joatea. Beti gertatzen zaio berdin Viki: harremanak egiten dituenerako beste norabait joan beharra dute.  

Oraingoan, parkean ezagutu dituen Mai eta Oto lagunekin, eta euren jolas alaiekin erakarri duten Yoko izaki magikoarekin, oso gustura dabil Vik. Abentura liluragarriak bizi dituzte elkarrekin egunero, eskolatik irten eta gero, parkean. Baina, oraingoan ere, gurasoek bizilekuz aldatzea erabakiko dute.

Filmagaz, hiriguneetan bizi diren umeentzat gero eta zailagoa dena aldarrikatu gura izan dute sortzaileek: aire librean jolastearen garrantziaz ohartarazi gura dute ikuslegoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!