Ibarloza eta Zapiko, Cafes Baqué pilota txapelketako irabazle

Anboto 2015ko urr. 13a, 09:00

Aimar Ibarloza kadeteetan eta Kimetz Zapiko gazteetan izan dira Cafes Baqué txapelketaren 30. aldiko irabazleak.

Durangoko Ezkurdi jai Alai pilotalekuan jokatu ziren finalak joan zen barikuan. Kadeteetan elkar oso ondo ezagutzen duten pilotari bi neurtu ziren: Aimar Ibarloza eta Josu Agirremaioa markinarrak. Aurten elkarrekin jokatuta Bizkaiko Herri Arteko txapelketa irabazi dute. Durangon aurkari izan ziren eta Ibarlozak 18-11 irabazi zion Agirremaioari. Ibarlozak indarraren legea ezarri zuen eta tantorik gehienak atzean amaitu zituen. Agirremaioak eginahalak egin zituen, baina ez zen nahikoa izan.

Gazteetan partidu gogorra jokatu zuten Kimetz Zapikok eta Iker Kamiruagak. Kamiruaga sopeloztarrak abantaila hartu zuen hasieran: 4-8. Zapikok erreakzionatu eta partiduari buelta eman zion: 15-11. Ondoren, 18na eta 19na berdindu zuten. Azken hiru tantoak dimoztarrak egin zituen (22-19) eta berak jantzi zuen txapela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!