Begira Photo jaialdirako giroa berotzeko, herritarren erretratuak, Durangoko jaietan

Anboto 2015ko urr. 9a, 15:00

San Fausto egunean, urriaren 13an, oraindik zehaztu barik duten Durangoko jaiguneko leku batean burutuko dute ekimena. Kalean dabilen jendeari erretratuak egingo dizkiote, kalean ipiniko duten estudio fotografiko batean. Ros Boisier argazkilari txiletarraren Somos izeneko proiektuaren barruko ekimena izango da Durangoko jaietakoa.


Jaietan herrikideei argazkiak eginez kolaboratzera gonbidatuko ditu eskualdeko hainbat argazkilari, astelehenean, Ros Boisierrek.

Herritarrei egindako argazki horiekin, eta Begira Photo jaialdiaren barruan, Merkatuan erakusketa ipiniko dute, azaroan. Azaroaren 10ean inauguratuko dute Durangoko jaietan egindako argazkiekin osatutako instalazio fotografiko hori.

Lurraldetasunari eta migrazioei buruz gogoeta bultzatzeko helburuz abiaturiko proiektua da Somos. Hainbat herrialdetan jendeari egindako erretratuak oinarritzat dituena.

Azaroaren 10etik 29ra Durangon izango den argazkigintzaren inguruko Begira Photo jaialdirako giroa prestatzen joateko antolatu dute urriaren 12ko ekimen hau.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, argazkilarien berbaldiak, mahai-inguruak, zein euren lanen erakusketak hartuko ditu Durangon, Begira Photok.

Argazkigintzaren narratiba, kritika, zabalkundea eta merkatua, objektibotasuna eta orijinaltasuna hartuko dituzte, besteak beste, aurten, Euskal Herriko zein nazioarteko argazkilari gonbidatuek berbagai.

Durangoko Arte eta Historia Museoan, berriz, aipaturiko Ros Boisier-en Gara erakusketaz gainera, jaialdiak ekarritako beste bi erakusketa ere egongo dira ikusgai: Pablo Trenor-en Dena da iturri, eta Jon Gorosperen Leihoen abiadura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!