DAZ: "Udalak ez digu erantzunik eman urtebetean"

Anboto 2015ko urr. 7a, 17:32

Alde Zaharreko DAZ auzo elkartearen arabera, udalak ez die erantzunik eman urtebetean. 2014ko urrian, karkaben inguruko eskaera bat erregistratu zuten udalean, eta urtebete pasa denean, oraindik erantzun baten zain daudela kritikatu dute prentsaurreko baten bidez.

Tabernariei jaietan karkabak biltegi lez erabiltzeko baimena eman zien udalak, eta aldaketa hori zergatik eman zen jakin gura zuten auzokideek. Izan ere, euren ustez, larrialdi egoera baten aurrean tabernetako kaxa eta materielek karkabetako bidea oztopatzen dute.

Baina udalaren erantzun falta ez ei da eskaera horri loturikoa bakarrik. Jose Mari Arrillaga DAZeko presidenteak azaldu duenez, Bermeoko alde zaharrean 2013ko apirilean piztutako suaren ondoren, Durangon suhiltzaileekin bisita bat egin zuten karkabetara. Suhiltzaileek ere larrialdietarako plan bat egiteko beharra ikusi zutela esan du Arrillagak, baina ordutik hona ez dela pausorik eman. Horregatik, karkabetarako sarrera erraztea eta lekuan bertan ura hartzeko puntuak ipintzea eskatu du. Gainera, inguruak argiztatzea eta garbitzea ere exijitu du. Udalak karkaba batzuk konpondu ditu, baina falta direnak noiz konponduko diren galdetu du DAZek.

Elkarrizketarako deia egin dio udalari: “Nahikoa da. Ea egunen batean akordioetara heltzen garen”. EH Bilduren partaidetzarako ordenantzaz galdetuta, Arrillagak esan du aspalditik eskatzen zutela elkarteen parte-hartzea errazteko zerbait; gogoratu du eurek Arartekoaren figura sortzea proposatu zutela iaz, baina orain arte udalak ez diela kasurik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!