Durangaldeko musikari gazteen lehiaketa antolatu dute Plateruenean

Anboto 2015ko urr. 7a, 14:27

Goiatz Pelaez Plateruena kafe antzokiko kultur teknikariak eta Aitor Lopez Durangaldeko Amankomunazgoko presidenteak aurkeztu dute, gaur, Lokaletik At izeneko Durangaldeko musika taldeen lehiaketa. Azaroaren 29ra arte eman daiteke izena, eta musika tresneria erosteko 500 euroko saria dago jokoan.

Lehiaketan parte hartu gura duten musikari gazteek lehiaketarako beren beregi sortutako kanta bat aurkeztu beharko dute; kantaren letra eta audioa bidali beharko dute Plateruenera (kultura@plateruena.net helbidera), azaroaren 29 baino lehen.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko baldintza nagusia, kantaren letragilea 14 eta 18 urte artekoa izatea da, taldekide bat gutxienez, adin-tarte horretakoa izatea.

Musika arloko profesionalek eta musikazaleek osatuko duten epaimahai batek hautatuko ditu aurkezten direnetatik lehiaketaren zuzenekoan joko duten taldeak, eta abenduaren 3an egingo dute publiko zeintzuk taldek egingo duten lehiaketan aurrera. Abenduaren 19an izango dira zuzeneko horiek, eta bertan erabakiko da musika tresneria erosteko 500 euroko saria zeinentzat izango den.

2012an abiatu zuten, Lokaletik At! izenpean, Durangaldeko musika talde gazteei Plateruenean aritzeko aukera eskaini gura zien ekimena. Zuzeneko batek dakarren guztia ezagutzeko aukera izan dute ekimen horri esker, Durangaldeko talde askok: Plateruena bezalako areto bateko soinu probak zelan egiten diren ikasi dute, esaterako.

Gazteen artean, eta musikari lotuta, euskararen erabilera bultzatzea da ekimen honen helburuetako bat. Besteak beste, horregatik erabaki du Durangaldeko Amankomunazgoak ekimena diruz laguntzea. Aitor Lopez presidenteak aurkezpenean azpimarratu duenez, "Durangaldeko talde gazteei aukera berri bat emateko bidea da ekimen hau, eta oso interesantea deritzogu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!