Hitzaldiak, kartografia eta argazkien erakusketa, Gerediagaren urtemugan

Anboto 2015ko urr. 6a, 12:00

Gerediaga Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu duten egitarauaren barruko hiru ekintza Durangoko Arte Historia Museoan egingo dituzte, urrian. Gaur, 19:00etan, esaterako, Durangaldeko kartografiari buruzko erakusketa bat inauguratuko dute.Gerediaga elkarteak bere bost hamarkadatako ibilbidea egitarau oparoagaz ospatu gura du. Horretarako, urriko eguaztenetarako, hitzaldi zikloa jarri dute martxan, Arte eta Historia Museoan.


Lehenengo hitzaldian,  Margarita Maturana (1884-1934) ekarriko dute gogora. Maturanak Berrizko klausura komentua misiolarien institutu bilakatu zuen. Horrela, Berrizko mojak, klausuran egotetik, mundua zeharkatzera pasatu ziren.Aldaketa horren sustatzailea dohatsu izendatu zuten, 2006an. Baina, sasoi hartako emakume batek nola eragin zuen aldaketa hori? Zelan ulertzen zuen mundua? Galdera horiei eta gehiagori erantzuteko, Juan Manuel Cembellin Eliz Museoko arduraduna eta Todos los Apellidos vascos ETBko programako historialaria gonbidatu dute Margarita Maturana. Edo zelan aldatu mundua Berriztik hitzaldian parte hartzeko. Hitzaldia eguaztenean izango da,  urriaren 14an, 19:00etan.

Urriko hitzaldi zikloa Alberto Santana historialariak itxiko du. Aitaren etxea. baserria Euskal Herriko historiaren oinarrizko iturria berbaldian, Santanak baserriak Euskal Herriaren historian izan duen garrantzia aztertuko du.

Durangaldeko kartografia
Gerediagaren urteurreneko ekimenekin jarraituz, Durangaldeko kartografiaren erakusketa prestatu dute. Ramon Oleagaren bilduma pertsonaleko 20 mapez osotutako erakusketak garai ezberdinetako Durangaldea erakusten du. Antolatzaileek azaldu dutenez, 1606koa da erakusketako zaharrena, eta 2005ekoa berriena. Erakusketa osatzeko, egileak berak, Gerediagak eta Museoak katalogoa argitaratu dute, elkarlanean.

Zuri-beltzean klik
Durangaldeko 333 argazki zahar biltzen dituen erakusketa ibiltariak Durangoko Arte eta Historia Museoan egin du azken geldialdia. Erakusketa honek, Gerediagaren 50. urteurrenean, esker on eta aitortza izan gura duela diote Gerediagako kideek. “Denboran zehar bidaiatzea ahalbidetu duten argazkilariei euren lana aitortu gura diegu”, diote elkarteko arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!