Entzunaldi Musikalen ikasturtea abiatuko dute, Musika Eskolan, bihar

Anboto 2015ko ira. 28a, 11:00

Musikaz modu ludikoan gozatu gura duten guztiei zuzenduriko eskaintza da Entzunaldi Musikalena. Aurten, Beethoven konposatzailearen ingurukoak izango dira ikasturteko hamaika saioak. Bihar, 19:00etan, Kurutzesantu Museoan egingo dute lehenengo saioa.

Ludwig van Beethoven konposatzailearen figuraren eta obraren inguruan ardaztuko dute ekimen honen hemeretzigarren edizioa, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. Beethoven eta bere lagunak izenburuko monografikoa izango da, hamaika saio izango dituena.

Izena eman gura dutenentzat, hainbat bide zabaldu ditu Bartolome Ertzilla musika eskolak: Musika Eskolako idazkaritzan eman daiteke izena, baita 94 603 00 35 telefonora deituta ere, edo www.durango@musika.net helbidera idatzita.

Bihar, 19:00etan hasiko den Kurutzesantu Museoko lehenengo saiora gerturatzen direnek, une horretan izena emateko aukera ere izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!