Sagardoy eta Arkarazo: “Filmeko lantaldearen partetik, gaiarekiko errespestu handia sumatu dugu hasieratik”

Anboto 2015ko ira. 18a, 09:00

Etakide biren paperean dihardute Arkarazo eta Sagardoy aktore durangarrek  ‘Sanctuaire’ film frantsesean. Eguaztenean Zinemaldian estreinatuko da filma, eta estreinatu aurretik eurekin berba egiteko aukera izan du ANBOTOk.

Donostiako Zinemaldian eskainiko dute ‘Sanctuaire’. Pozik?
Felix Arkarazo: Bai, oso pozik. Kuriosoa da, izan ere, pelikula hau telebistarako ekoitzirikoa da, Canal + France taldeak ekoitzirikoa. Horrela, lehenengo, kate horretan aurkeztu zuten. Zinemaldiko zuzendaritzak telebistan estreinatu aurretik ikusi ei zuen, eta asko gustatu zitzaien. Ez da sail ofizialean lehiatuko, Zinemira sailean emango dute. Horrek, filmak zinemetan ere ibilbidea egin ahal izateko aukera zabaldu lezake.
Eneko Sagardoy: Estreinaldia Miarritzeko FIPA jaialdian izan zen, eta Malagako jaialdian ere egon zen. Beste zinema jaialdi batzuetarako ere hautatu dute.
F.A.: Telebistarako ekoizpenen jaialdia da FIPA, entzute handikoa. Gidoirik onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren sariak jaso zituen.

Lehenengo aldia da parte hartu duzuen film bat Zinemaldian erakusten dutena?
F.A.: Eneko oso oso gaztea da... (barrez). Nik aspaldi aspaldi, Jose Julian Bakedanoren Ikuska filmagaz eduki nuen hartu-emanik Zinemaldiagaz, baina hau da lehen aldia papel pisudun bategaz noana Donostiara.

Zelan sortu zitzaizuen proiektu honetan parte hartzeko aukera?  
E.S.: Cine Vasco webgunean neukan profila ikusi, eta nigaz hartu-emanetan jarri ziren. Hiru proba egin zizkidaten. Hasiera batean, paper nahiko inportantea emanzidaten, baina gidoi aldaketa handi baten ostean, sekuentzia eta testu asko kendu zioten nire pertsonaiari.

Zeintzuk dira pelikulan jokatzen dituzuen paperak?
E.S.: Pelloren papera egiten dut, Pakitoren aldeko buruzagiekin dabilen mutil gaztea. Neure aurretik doazenei jarraitzen diet.
F.A.: Nirea, nahiz eta pantailan asko agertu ez, pelikulako trama nagusietako batean agertzen da. Ni trama horretako posibilisten bultzatzailea naiz.
E.S.: Presentzia itzela dauka Felixen paperak. Pertsonaia oso karismatikoa da, oso ederra: nahiz eta hitz askoko pertsonaia izan ez, denek errespetatzen dute. Berba askorik barik, begiradagaz botatzen ditu geziak.
F.A.: ETAren sortzaileetako batena da nire papera. Gauzak bide ilunera doazela ikustean, Txomin nagusiarengan eragiten saiatzen da, hain bide ilunera joan ez daitezen. Historiak erakusten duenez, ez du lortuko, baina. ETAren historia osoan gertatu izan dira horrelako egoerak, baina pelikulan kontatzen den sasoi horretan, benetako aukera bat egon omen zen gauzak, behingoz, bide arrazionalago batera bideratzeko. Baina, bata dela, bestea dela, dena hankaz gora geratu zen, eta 30 urtez luzatu da gatazka.  

Espainiako eta Frantziako gobernuen gerra zikinari ere egiten zaio filmean erreferentzia.
F.A.: Bai, jakina agertzen dela GAL. Eta pisu handia dauka. Filmean argi eta garbi agertzen da GALek Frantziako gobernuaren eta poliziaren laguntasuna eduki zuela. Gaur egun, gai hori oso delikatua da oraindik; Barne Ministeriora informazio bila joan izan direnean, esaterako, ate asko itxi dizkiete.

Zalantzarik eduki zenuten, hain hurreko gatazka kontatzeko Euskal Herritik kanpoko ikuspegia edukiko zuen proiektu batean parte hartzeko?
E.S.: Bai, noski. Oso gai delikatua delako. Nire kasuan, gainera, gaztea izanda, gauza asko ez nekizkien, eta pixkanaka joan naiz ikasten. Hasieran, konfiantza eza eragin zidan pelikula frantsesa delako, eta frantsesei zuzendurikoa. Baina, errespetu handia sumatu genuen lantaldearen partetik, eta horrek bultzatu ninduen parte hartzera.
F.A.: Zalantza egin nuen hasieran: gure betiko gai honi buruz kanpotar batek zer ikuspegi eduki dezakeen ez nuen argi ikusten... Baina, dokumentazio lan ikaragarria egin dute, eta hori igarri egin da hasiera-hasieratik. Orain, beste kontu bat izango da, ados egon ala ez.
E.S.: Sasoi beretsuan, Lasa eta Zabala filmerako castinga ere egin nuen, eta bietan zalantza berdinak sortu zitzaizkidan. Inguruko jendeak ere esaten zidan: “Baina, sartuko zara?”. Gidoia irakurrita, egileen ikuspuntua ezagutzeak asko lasaitu izan nau horrelakoetan.
F.A.: Batez ere adin bat daukagunok badaukagu hurbiltasun psikologiko bat hor sartuta egon zirenekin. Sentitu dut hurbiltasun bat, antzezterakoan lagungarria ere izan daitekeena. Enekoren kasuan ere oso argia izan da hori: zuzendariak “ekin!” esaten zuenetik, igartzen nion jabe zela egoeragaz. Isiltasunek eta keinuek pisu hori, tentsio handia, transmititzen dute.

Zer nabarmenduko zenukete filmaren ezaugarrietatik?
F.A.: Itxura aldetik, estetikoki, erritmo eta muntaketa aldetik, oso ondo eginda dago. Trama guztiak primeran josita daude. Olivier Masset-Depasse zuzendariak hamar urte barru zeresana emango duela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!