Durandog elkartea: "Durangoko areto eta eskoletan berbaldiak eman gura ditugu"

Anboto 2015ko ira. 11a, 09:00

Duela hiru urtera arte, txakurrak ez zituen ikusi ere egin nahi Antonio Marquezek (Durango, 1967), baina bat etxera eraman, eta bizitza aldatu zaio. Natalia Zuazuak (Durango, 1986) ere lehenengo txakurra du, eta jasotzen duen maitasunaz liluratuta dago. Durandog elkarteko kideak dira, eta euren asmoen berri eman dute.


Abandonatutako txakurrei laguntzeko deia egiten zabiltzate, batez ere sare sozialetan.
Natalia Zuazua: Zonaldean abandonatuta agertzen diren txakurrak hartu, edota adoptatzeko proiektua da. Gure taldean etengabe irten dira horrelako kasuak. Bestalde, Izurtzan txakur bat erreskatatu genuen. Bikote nagusi batek urte luzez lotuta eduki zuen txakurra, eta ez ziren zaintzeko gai. Euregaz berba egin ostean, txakurra eman ziguten, eta Bartzelonan topatu genion etxea.
Antonio Marquez: Bestalde, txakurren jabeei laguntzeko egitasmo bat ere badugu. Krisiagaz, jende askok ezin dio txakurrari jatekoa edota botika eman. Jende nagusi batek ezin ditu atera txakurrak kalera...

Eta herritarren hezkuntzan ere murgildu gura duzue, ezta?
N.Z.: Hezkuntzan lan egin gura dugu, aberea ez delako jostailua. Herritarrei, txakurra eduki ala ez, txakur bat edukitzea zer den azaldu nahi diegu, eta elkarrekin zelan bizi ere bai. Durangoko areto eta eskoletan berbaldiak ematea proposatu dugu udalean. Batzuek arbuioa diete txakurrei, beste batzuek beldurra... Kasu gehienetan, ezjakintasunaren ondorioz. Gizarte orekatu bat lortzea da gure helburua.

Gizarte orekatu bat?
A. M.: Gauza normala bihurtu beharko litzateke taberna kanpoan edo barruan lasai egotea, alboan txakurra dugula. Bestalde, txakurra kontrolatzen jakin behar dugu, ez dugu inor molestatzerik nahi. Txakurren kaken arazoa ere konpontzea nahi dugu. Ni ere sutan jartzen naiz berdegunera joan, eta kakak zapaltzen ditudanean.

Txakurrak solte ibiltzeko guneetarako akordioa lortu zenuten udalagaz. Zelan dago gaia?
N.Z.: Ezer ez edukitzetik hamazazpi gune edukitzera pasatu gara, eta oso harro gaude. Baina guneak izendatzeko kartelak hirutan baino ez daude, eta jendeak ez daki zein den gunea eta zein ez. Gainera, hiru guneak herri kanpoaldean daude. Guztia geratuta dago, eta pena ematen dit. Gauza bat egingo duzula esaten badidazu, egizu. Guneak egokitzea falta da, eta Astolako 24 orduko gunean belarra moztu barik dago uda osoan.
A. M.: Elkarretaratzeak egiten hasi ginenean, politikariekin hartu-emana nahiko hotza zen. Baina, Durangoko txakur bik iltzez betetako saltxitxak jan zituztela estatu mailako albiste bihurtu zenean, gauzak aldatu egin ziren. Tristea da, baina ondo etorri zitzaigun erasoa; ondorioz, egileak geu izan ginela ere entzun behar izan genuen!

Eraso  gehiago egon al da azken boladan?
A. M.: Ez. Badirudi egilea apur bat beldurtu dela. Oso estresagarria izan zen egoera hura. Amyk bi jan zituen bakarrik, baina, badakizu zelako kaltea izan zuen Partxek, hamasei iltze janda?   
N.Z.: Abere bati min egiteko kapaz den batek, pertsona bati ere egin diezaiokeela uste dut.

Txakurrentzako hilerri bat sortzeko asmoa duzue. Zelan dago proiektua?
A.M.: Garaiko partikular batek lursail bat eskaini digu, baina proiektu hori egin aurretik, beste lehentasun batzuk ditugu: bazkideak lortu, dirua lortu...

Hilerria, zergatik?
A. M.: Jende batek, txakurra hil ostean ere, beragaz egoteko beharrizana dauka. Hortik dator hilerriaren inguruko EL Ultimo Paseo proiektua. Gainera, agur hotz bat barik, txakurrei heriotza duina ematearen aldekoak gara. Txakurrak injekzioa sartuta hiltzearen kontrakoak gara, itsu edo zahar egon arren ere.
N.Z.: Jakitun gara aberea daukagula etxean, baina asko jasotzen dugu eurengandik, eta hori dena bueltatzeko beharra sentitzen dugu. .

Zer ematen dizue, bada?
A. M.: Txakurra beti dago pozik, eta egun txarra baduzu, zugana etorri, eta animatu egiten zaitu. Dena da maitasuna, dena da positiboa.
N.Z.: Txakurrak ez dauka pertsonok daukagun gorrotoa, horixe da duen onena. Haserre edo errieta egiten badiozu ere, laster etorriko da zugana, miazkatzera. Asteburuan gurasoekin uzten badut ere, astelehenean lehengo pertsona bera naiz berarentzat. Guztia ematen dizu, eta oso polita da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!