Adinekoentzako ikastaroetan 560 leku daude Durangon

Anboto 2015ko ira. 4a, 14:08

Ikastaroen helburua zahartze atsegin bat sustatzea da, Pilar Ríos alkateordeak aurkezpenean azaldu duenez. Durangon, kasik lau biztanletik bat da 60 urtetik gorakoa (biztanleriaren %23). 1.723k 80 urtetik gora dauzkate, eta horien %20 bakarrik bizi dira.

Bost programatan banatuta eskainiko dituzte ikastaroak, eta gehienak zahartze aktiboagaz lotutakoak izango dira. Beste lau adarrak hauek dira: 80 urtetik gorakoen autonomia indartzeko ikastaroak, formazioagaz jarraitzeko Esperientzia Institutua, bolondresentzako Lagunkide eta menpeko pertsonen zaintzaile direnentzako Zaindu programa. Astelehenean hasiko da ikastaroetako inskripzioa, eta irailaren 18ra arte egongo da apuntatzeko aukera.

Deneriko ikastaroak daude aukeran, bakoitzak dauzkan asmo eta gaitasunen araberakoak. Aurten, teknologia berrien inguruko ikastaroei garrantzia eman diete, gainera. Horiek doan izango dira, eta besteek 6 eta 12 euro arteko prezioa dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!