Fede Mendizabal: "Futbolaren aurrean ez dago ezer egiterik, oso argi dago hori!"

Anboto 2015ko abu. 29a, 10:00

18 urte zituenetik Tabirako Saskibaloi Taldean egon da Fede Mendizabal. Zortzi urtean izan zen jokalari, eta gero diruzain ibili da. Ekainean ohorezko presidente izendatu zuten, Tabirakok sustatutako balioak batzen dituelako. Oraindik ere laguntzen jarraituko du, Tabirako ia-ia hirugarren semea du eta.


Tabirakoren sortzaileetariko bat zara, eta lehenengo talde hartan ibilitakoa ere bai.
Sortutako lehenengo talde hartako kide izan nintzen, zuzendaritzan beste batzuk ibili ziren. Basilio Arana izan zen Tabirakoko lehenengo presidentea. Gure kontura ibiltzen ginen saskibaloian, Maristetan. Gustuko nuen, eta, taldea sortzeko zela entzutean, izena eman nuen. Desegin egin zuten Frente de Juventudes taldeko Bilboko beste gazte batzuekin sortu genuen Tabirakoko talde hura. Lau bilbotar eta zortzi durangar ginen; 18 urte nituen orduan.

Gogoan dituzu urte haiek?
Jokalari onak Bilboko haiek ziren, batez ere bi; guk ezer gutxi genekien. Emilio Baqué ibili zen entrenatzaile lanetan. Taldea Javier Urzelayren ekimenez sortu zen; bilbotarra zen, eta komertzial zebilen hemen.

Txapeldun izan zineten lehenengo urte horretan.
Bigarren Erregionalean txapeldun geratu ginen. Zornotzaren aurka jokatu genuen finala, eta, luzapen bi jokatu ondoren, irabazi egin genion. Lehenengo Erregionalera igo ginen. Laugarren kategoria zen gurea; aurretik, Lehenengo Maila eta Bigarren Maila zeuden. Gaur egun 36. mailan egongo ginateke! [Barrez].

Aho batez erabaki dute ohorezko presidente izendatzea. Nola hartu zenuen berria?
Oso pozik. Baten baino gehiagotan eskaini didate Tabirakoko presidente izatea, baina ez dut inoiz horretan sartu gura izan. Beste gauza batzuk egiten ditut, baina hori ez. Partiduak ere ezin ditut ikusi. Oso-oso urduri jartzen naiz. Taldeak ikusi ondoren, eta badakidanean irabazi egingo dutela, orduan joaten naiz ikustera. Semeak jokatzen zuenean ere ez nintzen joaten. Ohorezko presidentea izatea, baina, ez da ardura bat.

Taldekide izan zenituenak ere egon ziren bertan .
Bai. Jose Antonio Agirre, Antonio Corrales, Jesus Mari Merino eta Javier Urzelay egon ziren.  Emilio Baqué ez zen etorri, ezkontza bat zuelako. Hala ere, orain, bazkaltzeko elkartzen hasi gara seiok. Urriaren 20an berriro batuko gara. Urtero egin gura dugu bat, eta posible bada, bi.

Tabirakoren balio guztiak batzen dituzulako eman dizute ohorezko makila. Zeintzuk dira balio horiek?
Ahal den guztia ematea. Tabirakon denak dira amateurrak; ez du inork kobratzen, ez jokalariek, ez entrenatzaileek. Gazteak kirol munduan, eta ez beste inon, sartu daitezen saiatu gara beti. Batez ere, 1968an hasi eta 70eko hamarkada hartan. Droga itzelezko mina egiten zebilen.

Bide berari eutsi diozue...
Jarraipena eman diogu beti. Unean uneko presidentea aurretik Zuzendaritza Batzordean egon izan da.

55 urte hauetan momentu onak eta txarrak egongo ziren.
Gure atzetik Juanjo Morenogaz talde oso ona sortu zen. Haur kategorian Espainiako txapeldunak izan ziren, eta gazte mailan hirugarren geratu ziren. Bartzelonari eta Juventuti irabazi zioten, eta Real Madrilen kontra galdu egin zuten, justu-justuan. Bigarren Mailara igo ziren, ACB ligaren gelaurrea zenera. Gugana etortzen ziren taldean sartu guran. Oso onak izan ziren 1976-77 denboralditik 80ko harmakada amaitu bitarteko urteak. Gero, talde onak egon dira, baina indar handikoa zen hura.  

Denak durangarrak...
Bai. Guk bi denboraldi egin eta gero hartu zen erabakia: taldeak durangarrekin osatuko dira. Aipatutako urrezko urte horien ostean urte makalagoak ere etorri ziren; kategoriaz bajatzekotan egon ginen. Durangotik kanpo jokalariak bilatzeko proposamena ere egin zuten, baina, edozein mailatan egonda ere, bertakoekin jarraitzea erabaki genuen.

Asko aldatu da saskibaloia.
Bai horixe, eta ez bakarrik jokatzeko eran. Gaur egun, entrenatzeko formazioa duen jende asko dago, eta gu ez gara profesionalak. Umeak hezteko eskoletan behar dira pertsonak, eta ez dago horretarako jende nahikorik.

Saskibaloiarekiko zaletasun handia dago Durangon?
Nesken 36 talde daude, eta mutilenak 15 talde dira. Hala ere, Merkatu plazan jokatzen zenean jende gehiago batzen zen partiduak ikustera.

Nesken talde asko!
Herriko sei ikastetxeetan dago talde bat, eta denak datoz Tabirakora. Larregi dira, ezin ditugu denak hartu, eta arazoak sortzen dira. Mutilekin justu-justuan sortzen dugu taldea; gehienez talde bi. Neskekin, baina, mutilekin gertatzen ez dena gertatzen da: aurten, adibidez, ez dugu nesken talde erregionala osatu –seniorrak, 18 bat urtekoak–. Nesken hamar talde ditugu, sei kadete, bi junior eta bi senior. Adin batera iristean, utzi egiten dute. Lagun taldeak sortzen dira, eta baten batek utziz gero... Aurten, talde federatuak mugatuko ditugu, eta eskola kirolean sortuko ditugu ligak.

Mutilek futbola dute gurago?
Dudarik gabe! Futbolaren aurrean ez dago ezer egiterik, argi dago!

Gaztetxoek saskibaloian sufritu beharreko presioa handia da?
Ez da futbolaren mailara iristen, baina gero eta handiagoa da presioa. Gurasook behar ez dugun tokian sartzen gara. Saskibaloiari buruzko ezagutza handitu ahala gehitu da presioa.

Ematen du durangar guztiak egon direla Tabirakon.
Bai. 25. urteurrenean 25 talde genituen. Orain, 50etik gora. Ia 900 bazkidera heldu gara aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!