Durangoko Udalari 6.200 euroko isuna ipini dio Jaurlaritzak, Enplegu Planean arau hauste larria egiteagatik

Anboto 2015ko abu. 25a, 12:36

ELA sindikatuak udalaren kontrako salaketa ipini zuen, eta udalak alegazioak egin arren, Lan Ikuskaritzak sindikatuari eman dio arrazoia. ELAk eta EH Bilduk dirua aurrezteko asmoa ikusi zuten udalaren jokabidean; hamabi behargin kontratatu zituen, baina udal hitzarmena barik sektorekoa ezarrita.

Lanbidek 162.000 euro eman zizkion udalari, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Enplegu Plana finantzatzeko. Durangoko administrazioak hamabi behargin hartu zituen sei hilean brigada lanak egiteko, baina kontratazioa Sartu-Zabaltzenen -gizarteratzea sustatzen duen erakundea- bidez egin zuen. ELAren ustez, erakunde hori ez da aldi baterako lan enpresa bat, eta udalak ezin du formula hori erabili.

Gainera, pertsona horiei ez zieten udaleko lan hitzarmena ezarri, baizik eta sektorekoa. Horrela, brigadako langileek baino baldintza eta soldata txarragoak eduki zituzten. Bataz-beste, bakoitzak 3.000 euro gutxiago jaso zituen, ELAk kritikatu zuenez.

Brigadan une horretan zazpi behargin bajan zeudela ohartarazi zuen sindikatuak; langileak beharrezko ziren, beraz. Ondorioz, udalaren jardueran dirua aurrezteko asmoa ikusi zuten ELAk lehenik, eta EH Bilduk ondoren. Enplegu Plana PSE-EE eta EAJko udal taldeek babestu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!