Legealdiko lehenengo Hirigintza Batzordea deituko du EHBilduk

Anboto 2015ko uzt. 22a, 15:45

Aurreko legealdian "airean" geratu ziren hainbat gai eta beste batzuk eztabaidara ekarri behar direla iritzita, EHBilduk legealdiko lehenengo Hirigintza Batzordea deituko du Durangoko Udalean. Horrela EHBilduk EAJk eta PSE-EEk darabilten "utzikeria" sahiestu gura du eta Durangoren etorkizunerako garrantzitsuak diren gaiei buruzko eztabaida ahalik eta arinen egin.

EHBilduk helarazitako ohar baten adierazitakoaren arabera, Gobernu taldearen borondatea betez gero hiru hile baino gehiago izango dira Durangoren etorkizunarentzat "berebiziko garrantzia" duen Hirigintza batzordea deitu barik. Argitu dutenez, abuztua inhabila da, eta, maiatzean deitu zen azkenengoz batzorde hori, osoko bilkuran onartutako mozio baten eraginez; jolas parkeak estaltzeari buruzkoa hori. EH Bilduk iritzi dio denbora larregi dela eta erabaki horren atzean arrazoi bi egon daitezkela uste du: EAJk eta PSEk agertutako "utzikeria" eta "ideia gabezia" edo "oposizioko taldearen iritzia entzun gabe erabakiak hartzeko eta herritarrak informatu gabe aurrera egiteko" duten asmoa. "Bi kasuetan, egoera larria da". Nabarmendu dutenez, erabakiak ezin dira "bulego ilunetan" hartu eta beste talde politikoen zein herritarren iritzia entzun eta kontutan hartu gabe.

EHBilduren ustez umeentzako jolas guneak estaltzea eztabaidatu beharreko gaia da, "ahalik eta arinen erabakia hartu eta obrak hasteko". Azaldu dutenez, eskola publikoetako guneak estaliz hasi beharko litzateke udala, gune horiek herritarrei eskola orduetatik kanpo ere zabalduz.

San Faustoko urbanizazioa ere eztabaidatu behar dela uste du EHBilduk, frontoian hobekuntzak egin behar direla diote eta auzokideei zabaldu. Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko diagnostiko parte-hartzailea egiteko esleipena ere egin behar dela diote eta Kanpatorrostetaren birmoldaketaren harira erabakiak hartzea, zaborrekin dagoen arazoa konpontzeko.

"Blokeoa" gainditu guran

EAJren eta PSEren "blokeoa" gainditu gura du EH Bilduk eta idatzia aurkeztu du udaleko erregistroan, batzordeko kide diren bi kideen sinadurarekin. Legez jasotzen da, ez ohiko batzordea deitzea derrigorrezkoa dela baldin eta batzordeko kideen laurden batek hala eskatzen badu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!