Durangoko jaiak 2015

Txosnen kokapenean udalak ez duela elkarrizketarako borondaterik salatu du txosna batzordeak

Anboto 2015ko uzt. 21a, 20:01
Iaz Pinondon kokatu zuten txosnagunea

Durangoko jaietarako geroago eta gutxiago gelditzen da, eta oraindik ez dago argi txosnagunea non kokatuko duten. Udalaren proposamena txosnak Landako Gunean jartzea da. Txosna batzordeak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, komunikabideen bidez ezagutu zuten udalaren proposamen hori. Udalak elkarrizketarako duen borondate falta ere kritikatu du txosna batzordeak. "Aukera bakarra eskaini du, eta gainontzeko guztiak baztertu ditu elkarrizketari lekua ukatuz". Idatzian udalaren jarrera gogor kritikatu dute: "Jarrera hau salatzekoa dela uste dugu, beste behin ere, herritarron lana gutxietsia izan baita udalaren partetik".

 

"Jai eredu herrikoi baten alde" dihardutela gogorarazi dute txosnetako arduradunek. Hamabost elkartek osatzen duten batzordeak "funtsezko" ikusten du txosnagunea kalean eta Durangoko erdigunetik gertu egotea. Gainera, posible ikusten dute jaiak eta auzokideen bizi kalitatea uztartzea. Azken momentura arte jaien kokapena zein izango den ez ezagutzea ere kritikatu dute, beste ekitaldi batzuk leku finkoa dutela gogoratuz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!