Joseba Arana, Kulturaleko kirol zuzendaria: "Lehenengo taldean jokatu dezaketela sentiarazi behar diegu gazteei"

Anboto 2015ko uzt. 20a, 09:00

Joseba Aranak (Durango, 1966) bere lehenengo esperientzia izango du kirol zuzendari karguan. Orain arte gazteekin lan egin izan du. Ez dakar iraultzarik, eta orain urte batzuk Kulturalak taldea etxekotzen hasitako bidean sakontzea du helburu. Lehenengo taldeak harrobitik eta Durangaldeko jokalariekin elikatu behar duela nabarmendu du. 


Zeintzuk izan dira Kulturalaren eskaintza onartzeko arrazoiak?
Esperientzia bat gehiago izango da niretzat. Aurretik sekula ez dut horrelako klub bateko kirol zuzendaritzarik eraman. Orain arte gaztetxoekin edo harrobian ibili izan naiz beti. Kulturaleko presidenteak deitu zidan proposamena egiteko, eta asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea, hiru-lau hilean buruari bueltaka ibili naiz. Lagunekin eta estimatzen dudan jendeagaz berba egin dut, eta salto hau egitera animatu naute.

Lau urtez Amorebietan harrobia lantzen ibili zara. Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. Gaztetxoak apurka-apurka ikasten dabiltzala ikustea da atseginik handiena ematen didana. Haur kategorian ezagutu nituenetik gazte mailara heldu arte garapen bat izan dutela ikusteak asebete egiten zaitu.

Gaur egun zelakoa da Amorebietaren harrobia?
Lan ona egiten dabilela uste dut. Oraintsu, aurrera begirako harrobiko kirol proiektua aurkeztu zuten, eta aurrerapauso eta bultzada on bat izan daitekela uste dut.

Kulturaleko zuzendaritzak zer eskatu dizu? Zer espero du zugandik?
Zuzendaritzak ez dit eskakizun berezirik egin. Ni kargu horretarako pertsona aproposa nintzela uste zuen. Hasieran, berba horiek larregi zirela pentsatu nuen; gazteekin asko ibili naiz, mundu hori ezagutzen dut, baina kirol zuzendaritza beste kontu bat da. Azkenean, taldea indartzeko hiru jokalari ekarri eta asmatu ezik, begirada guztiak zugana zuzentzen dira. Edozelan ere, ez dut uste gure kasua hori denik, gure ideia etxeko jokalariekin jokatzea delako. Jokalari gazteek etxeko lehen taldean jokatzeko aukera benetakoa dela ikusi dezatela nahi dugu. Lehen taldera heldu daitezkeen ilusioa izan behar dute, eta Kulturalagaz identifikatuta sentitu behar dira. Hori sentiarazi behar diegu gazteei; kanpotik hamar jokalari ekartzen baditugu, “Nik ez dut aukerarik”, pentsatuko dute.
 
Beraz, azken urteetako bidea jarraituz, etxekoek lehentasuna izango dute.
Filosofia horren aldekoak gara, eta, are gehiago orain, gazte mailako taldea Nazional Mailan dugunean. Gazte horiek guztiak lehen talderako baliozkoak direla pentsatu behar dugu. Oraingoz datorren denboraldirako egituratuta dugun taldean, hogeitik hamabost bat-edo Kulturalean egon dira, edo iraganean loturaren bat izan dute. Klubeko, herriko eta Durangaldeko jokalariei aukera eskaintzea da gure asmoa. Izan ere, Kulturalean ibili ez diren gazteak egon daitezke herrian.

Ez da erraza denei tokia egitea.
Hasi berri dugun proiektu honetan, buruan darabilgun helburu bat Kulturala B taldea sortzea da, gazte horiei irteera bat eskaintzeko. Bi mailen arteko lotura lana egingo luke. Baina hori epe luzera begirako asmoa da, eta ez datozen bi-hiru urteetarakoa. Kontuan izan behar da gazte talde konprometitu bat behar dela. Hirugarren Erregionalean hasi, eta, esaterako, Ohorezko Mailara arteko bidea egiten ahaleginduko litzatekeen gazte talde baten sakrifizioa beharko litzateke. Lehen begiratuan, gazteentzat ez da erakargarria Hirugarren Erregionaletik hasi behar hori, eta, seguruenik, kosta egingo da. Dena ondo antolatu, eta produktua ondo saldu behar da. Kulturalaren bigarren taldeagaz igoerak lortu eta goranzko bide horretako parte izatea erronka motibagarria izan daitekeela ikusarazi behar zaie gazteei. Kulturalarentzat nagusien bigarren talde bat Maila Gorenean edo Ohorezko Mailan izatea itzela litzateke. Amorebietan, esaterako, bigarren taldeak Lehen Erregionalean jokatzen du, eta helburua lortzen dabil.

Lehen taldearen eta gazteen ardura izango duzu, eta Ander Sanabriak kadete eta haur kategorietako taldeen ardura. Zer hartu-eman izango duzue?
Ander koordinazio lanak egindakoa da Morazan, hamar urtez, eta entrenatzaile titulua du. Jendea falta zitzaigun, eta beragaz esparru bi bete ditugu: haur kategoriako eta kadete mailako taldeen kirol ardurekin batera, kadeteen taldea entrenatuko du. Bion arteko hartu-emanari dagokionez, ez gara bakoitza bere aldetik ibiliko. Kontrakoa: hartutako erabakiak bion artean adostutakoak izango dira.

Lehen taldean aurpegi berri asko daude?
Joan diren jokalari gehienak Bigarren B Mailako taldeetara joan dira. Azken batean, iaz taldeak osatu zuen denboraldi bikaina ez da oharkabean pasatu. Ondorioz, bederatzi jokalari etorri dira taldera, eta horietako bi gazte mailatik igo dira.

Testuinguru horretan, zein izango da taldearen helburua hurrengo denboraldian?
Badaude diotenak Hirugarren Mailako talderik onenak igo egin direla, maila deskafeinatuta geratu dela eta orain ligako oilarra Kulturala dela. Nire ustez, topikoa dirudien arren, lehen helburua mailari eustea da. Jokalari asko heldu zaizkigu, eta ez da iazko talde bera. Partiduz partidu joanda ikusiko dugu emaitzek non jartzen gaituzten. Baina, hori bai, ilusioari ezin diogu mugarik jarri. Taldean jarraitzen duten zein fitxatu ditugun jokalariengan konfiantza handia dut.

Zaleak beste denboraldi handi baten esperantzan egongo dira.
Taldeari exijitu ahal zaiola eta exijitu egin behar zaiola uste dut, baina egoera zein den ondo ulertuta. Iaz laugarren geratu eta aurreko hirurak igo izanak ez du esan gura Kulturalak lehenengo geratu behar duenik, ezta playoffetarako sailkapena errepikatu behar duenik. Denboraldi hasieratik helburu finkoak zehaztea erratzea dela uste dut. Gure jokamoldeari eta filosofiari jarraituz jokatuko dugu, eta denborak esango du nora heldu gaitezkeen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!