“Kontzertuetako emaitza ikusita, esfortzuak merezi izan duela argi daukagu”

Anboto 2015ko uzt. 18a, 10:29

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestran jotzeko hautatu dituzte Jone Erzilla (Durango, 1999) eta Martin Gabiria (Durango, 1992). Uztailaren 22an Donostiako Jazzaldian joko dute.

Noiz jakin zenuten EIJO gazteen jazz orkestran parte hartzeko hautatuak izan zinetela?
Martin Gabiria: Urtarril hasieran esan ziguten hautatu gintuztela. Probak zeudela abenduan jakin genuen, eta unibertsitateko azterketak amaituta nituenez, nire irakasleak eta biok pentsatu genuen hautaprobara aurkeztu behar nuela, batez ere probak zelakoak diren jakiteko. Nire maila zein den jakiteko aukera izan da; egia esan, ez nuen espero orkestran sartzerik.

Zelakoak izan ziren probak?
Jone Erzilla: Batetik, eurek emandako bi partituraren zati bana jo behar izan genuen hautaproban, eta, bestetik, klaketa baten erritmora inprobisatu behar izan genuen.

Euskadiko hiru jazz jaialdietan jotzea da hautatuak izatearen sarietako bat, ezta? Zelako esperientzia izaten dabil?
M.G.: Bai, Getxon eta Gasteizen jo dugu, eta, uztailaren 22an, Donostian joko dugu. Gasteizen, gainera, Jim Snidero saxofonistagaz jotzeko aukera izan dugu.

Zelan hartu zaituzte publikoak?
M.G.: Harrera oso ona egin digu: emanaldi bietan bete dugu edukiera. Familiakoez gainera, hainbati galdetu diet kontzertuaren inguruan, eta guztiek esan didate gustura egon zirela. Beti dago hobetzeko tartea, baina sentsazio orokorra oso ona izan da.

Zer errepertorio eskaintzen duzue kontzertuetan?
M.G.: Jazz klasikotik modernoagora doan errepertorioa eskaintzen dugu; swing gehiago duten kantetatik hasi, eta Angel Unzu gitarristak konposatutako obra modernoago baterainoko bidea egiten dugu. Jazzaren zabaltasuna islatzen dugu.
J.E.: Hamar piezak osatzen dute, guztira, kontzertuetan eskaintzen dugun errepertorioa.

Getxoko, Gasteizko eta Donostiako jaialdietako emanaldiak prestatzeko bost eguneko egonaldia egin duzue orkestrako 23 kideek Barrian (Araba). Zelakoak izan ziren egun horiek?
M.G.: Bost egunean zortzi orduz ehuneko ehunean lan egitea gogorra den arren, oso gustura egon gara. Oso esperientzia positiboa izaten dabil, osotasunean. Urtarriletik, hilabetean zortzi orduko entsegu bat egin dugu, eta ekainean egin dugu bost eguneko egonaldi hori.  
J.E.: Gogorra izan da, lan handia egin behar izan dugulako, baina merezi izan du: kontzertuetan ikusitako emaitzak merezi izan du esfortzua egin izana.

Beste taldekideengandik ikasteko aukera ere bada, ezta?
J.E.: Bai, asko ikasten dugu besteengandik. Kide asko oso onak dira, eta askok pentsatuta dute jazzeko goi mailako ikasketak egitea.
M.G.: Beste saxofonista batzuekin ez ezik, gitarristekin edo baxu-jotzaileekin berba egiteko aukera eskaini dit niri, esaterako. Oso aukera interesgarria da.

Zein da zuen instrumentuagaz egin duzuen ibilbidea?
J.E.: 8 urtegaz hasi nintzen tronpeta jotzen, eta, Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan ibili ostean, kontserbatorioan nabil orain, tronpeta klasikoko erdi mailako gradua egiten. Bosgarren maila egingo dut datorren urtean.
M.G.: Hamaikagarren edo hamabigarren urtea da, nire kasuan, saxoa jotzen dudala. Beti izan ditut gustuko jazza eta musika modernoa, baina Durangoko musika eskolan hasi nintzenean oraindik ez zegoen aukera hori, eta klasikotik hasi nintzen. Erdi mailako gradua duela bi urte amaitu nuen.

Musikako goi mailako ikasketak egiteko asmorik baduzue?
M.G.: Bai, nire asmoa da aurten probak prestatzea, eta goi mailako saxo ikasketak egitea.
J.E.: Nik oraindik ez dakit zer egingo dudan. Batxilergoa egin behar dut lehenengo, eta aurrerago erabakiko dut.

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren etorkizunerako asmoak zeintzuk dira?
J.E.: Deialdi hau egin eta gazteen jazz orkestra hau sortu den lehenengo aldia izan da, baina, berez, urtero egingo da probetarako deialdia: urtero berriztuko dute taldea, hau da, urtero aldatuko du musikariz Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak.

Zer da zuentzat musika?
M.G.: Gozamenerako baliabide bat izan da beti. Uste dut, gustuko ez baduzu, ezin duzula arlo honetan aurrera egin; ez da bulego batean lan egitearen parekoa. Jotzea gustatzen ez bazaizu, ez duzu aurrera egiten.
J.E.: Ordu asko praktikatu behar da, eta, batzuetan, oso nekagarria da, baina gustuko ez bagenu, ez genuke jarraituko.

Jazz musika ulertzeko zaila, konplikatua, dela esaten dutenei zer erantzungo zeniekete?
M.G.: Esango nieke, beste estilo batzuetan bezala, jazzean ere gauza sinpleak eta konplikatuak daudela: swing banda bat entzuten baduzu, segituan ulertzen duzu, eta piezen egiturak eta erritmoak errazak dira jarraitzeko... Baina, noski, badaude gauza askoz konplexuagoak ere. Edozelan ere, beste arlo batzuetan bezala, zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gehiago zaletzen zara jazzagaz.

Gutxinaka joan zarete zaletzen?
J.E.: Bai, gogoan dut umea nintzenean, aitak jazza ipintzen zuenean, aspergarri egiten zitzaidala. Orain, gero eta gehiago eta gusturago entzuten dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!