Bost ikaslek amaitu dituzte, aurten, erdi mailako ikasketak Durangoko Kontserbatorioan

Anboto 2015ko uzt. 15a, 13:33

Durangoko Musika Eskolak jakitera eman duenez, bost ikaslek amaitu dituzte ikasturte honetan erdi mailako ikasketak, musika eskola horretan. Azaldu dutenez, 2006-2007 ikasturtean lehenengoz eskaini zituztenetik, 27 ikaslek amaitu dituzte erdi mailako musika ikasketak Durangon.

Hainbat ikaslek goi mailako ikasketekin jarraitzen dute ondoren, eta horren adibide, Maite Molina ikasle ohiak Musikene ikastegian plaza lortu duela ere azaldu dute Kontserbatorioko arduradunek. Durangoko Kontserbatorioan pianoa ikasi zuen Maite Molinak, eta datorren ikasturtean Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioan, Musikenen, jarraituko du bere prestakuntzagaz, Lengoaia Musikalaren Pedagogia espezialitatean.

Durangon ikasle izandako beste hiru ikasle daude gaur egun Musikenen ikasten, eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan oboe espezialitatea egiten dihardu beste ikasle ohi batek.

Hain zuzen, Durangoko musika eskolan ibilitako Nerea Aizpuruak Nafarroako Kontserbatorioan biolotxelo espezialitateko goi mailako ikasketak amaitu dituela ere eman dute Durangoko Musika Eskolatik jakitera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!