Maite Unzalu: "Asko gustatzen zait aisialdia, eta bizitzeko lain emango balit..."

Anboto 2015ko uzt. 5a, 10:00

Hainbat tokitatik hurbildutako 18 eta 26 urte arteko gazteekin lan egingo du Tertangako (Amurrio, Araba) auzolandegian Maite Unzalu hezitzaileak (Durango, 1984). Amurrioko Udaleko zuzendaritza teknikoak lagunduta, Ubiros errotaren berreraikitze lanetan ibiliko dira. Aisia eta lana partekatuko dituzte uztailaren 16tik abuztuaren 14ra. Hamar urtetik gora daramatza aisialdiagaz lotuta lanean, eta erretiratzeko asmoa ere badu.

Zein da egunerokoa?
Astelehenetik barikura, goiza lanean egingo dugu, Ubiros errotan. Harrikoa egingo dugu, baina otorduetarako sukaldaria daukagu. Arratsaldean, berriz, aurretik gazteekin batzarrean adostutako ekintzak izango ditugu. Asteburuan, irteerak egiten ditugu: iaz, Donostian, Gernikan eta Lekeition egon ginen. Aurten, Gasteizera, Lagara eta Gernikara joango gara.

Hiru urteko proiektua da Ubiroskoa.
Bai. 2013an hasi ziren, eta aurten amaituko dugu. Eragintzagaz batu eta gero proposatu zuen Amurrioko Udalak Ubiros errota konpontzeko auzolandegia Eusko Jaurlaritzan, eta onartu egin zuten. Errota eta ingurua oso egoera txarrean zeuden.

Hezitzaile izan barik egon zara inoiz auzolandegiren batean?
2010eko eta 2012ko uztailean, Marokon egon nintzen, aisialdi proiektu batean umeekin lanean. Haurrekin ekintzak egiten genituen, eskola margotu eta umeei ingelesa eta frantsesa irakatsi. Arratsaldean, hemen lez, ekintzak izaten genituen. Oso aberasgarria da, Maroko oso desberdina delako: beste era batera jolasten dira, beste era batera jaten eta edaten dute... Ramadana ere suertatu zitzaigun.

Gogoz etortzen dira gazteak auzolandegira?
Euskal Herritik bertatik ez eze, Galiziatik, Madrildik eta Tenerifetik ere etortzen dira. Lanerako gogoz datoz, eta jakin-min handiagaz. Galdera askogaz etortzen dira, ezagutzeko gogoagaz.  

Udarako alternatiba bat da?
Bai, eta gazte askok aukeratzen dute. Euskal Herrian beteta egoten dira auzolandegiak. Ez dira oporrak, lanera datoz eta, baina dena ez da lana, hainbat jarduera antolatzen direlako. Erdibide bat da.

Eta hezitzaileontzat?
Gozamena da. Normalean ume txikiei zuzendutako udalekuetan ibiltzen naiz. Pilo bat dira, eta ardura handia eskatzen dute. Azken urteetan, 7-11 urteko umeen udalekuetan nabil zuzendari. Auzolandegia bestelakoa da. Trukea da, 18-26 urte arteko gazteak dira eta. Berba asko egiten duzu eurekin, ez zara atzetik ibili behar... Askoz lasaiagoa da. Edozer gertatuta ere desberdina da.

Arabako Aldundiak antolatutako Barriako eta Zuhatzako udalekuetara joango zara orain. Zer eskaintzen dizute?
Oso desberdinak dira. Barrian eta Zuhatzan zortzi urte egingo ditut; etxean lez nago, lagunak ditut. Oso gustura nago, baina ardura bestelakoa da. Itzelak dira Barria eta Zuhatza, 60 hezitzaile gara. Tertanga, ostera, oso txikia da, hiru hezitzaile eta zuzendari bat gara. Denok gaude batera.

Urteak daramatzazu aisialdian.
Bai. Erretiratzeko ordua da. Hamabi urte daramatzat hezitzaile... Ez dut udaleku gabeko udarik imajinatzen, baina... Asko gustatzen zait aisialdia, eta bizitzeko lain emango balit...

Auzolandegian parte hartzea gomendatuko zenuke?
Duda barik! Hori bai, lana gustuko izan behar duzu, gogorra da eta: eguzkipean belarra kentzea, harriak ipintzea... Baina auzolandegi desberdinak daude. Lekeition eta Bergaran, esaterako, zahar etxea dinamizatzen dute. Bakoitzak gustuko duena topatu behar du. Jende, leku eta kultura ugari ezagutzeko aukera ematen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!