Batzordeetan, zazpi zinegotzi

Anboto 2015ko eka. 30a, 19:20

EAJ eta PSE-EEk, orain arte lez batzordeetan zortzi zinegotzi egotea proposatu dute (EAJk 3, EH Bilduk 2 eta Herriaren eskubideak, PSE-EEk eta PPk bana). Baina, zazpi zinegotzi egotea onartu dute EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PPk. Eider Uriberen (EH Bildu) iritziz, gobernuko alderdi biek euren "interesak defendatu" gura izan dituzte proposamenagaz, eta zazpiko formula proportzionalagoa iruditzen zaio. Julián Ríosek esan du zortziko formulagaz EAJk eta PSE-EEk udalbatzarrean baino indar gehiago edukiko luketela, eta nabarmendu du zazpigaz 40.000 euro aurreztuko dituela udalak.

Goiztidi Diazek EH Bildu kritikatu du, esanez batzarraren aurretik hamaika zinegotziko batzordeak gura zituztela. Uribek erantzun dio, hori proportzionalagoa ikusten zutela, baina zazpikoa ere ondo ikusten dutela. Diazen ustez, hauteskundeetan lortu ez den parekotasuna eskuratu gura du koalizioak. PPko Fran Garatek gurago zituen hamaikako batzordeak, eta murriztuz gero, hobeto ikusi du zazpikoa, bakoitia delako.

 

Batzordeen eraketa

Guztira zazpi batzorde egongo dira udalean. EH Bilduk partaidetza lantzeko batzorde bat sortzea proposatu du, eta Herriaren Eskubideak beste bat gardentasunerako. Azkenean, gai horiek beste batzorde batzuetan barneratzea adostu dute EAJk, PSE-EEk, eta PPk. Enpleguak lehentasuna edukiko duela aurreratu du Pilar Ríos alkateorde sozialistak.

 

Udalbatzarrak, 17:00etan

Bestalde, udalbatzarren maiztasuna eta ordutegia berdin mantendu dituzte. Hileko azken martitzenetan izango dira, 17:00etan. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak 19:00etara atzeratzea eskatu dute, herritarren partaidetza erraztuko delakoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!