Disko jaurtilari onenak batuko ditu domekako atletismo probak

Anboto 2015ko eka. 30a, 13:55
Ander Alvarez Durangoko kirol eta gazteria udaleko teknikaria, Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko presidentea eta Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko jarduneko presidentea.

Juanjo Ziarrustaren Oroimenezko lehenengo proba antolatu du Bidezabalek.

Domekan Juanjo Ziarrustaren oroimenezko lehenengo atletismo proba antolatu dute Durangon, Landakoko pistan.  Guztira  17 erkidegotako 200 bat atleta batuko dira eta batzuk atletismoko hainbat espezialitatetan erreferenteak dira estatu mailan: “Maila handia egongo da eta marka interesgarriak ikusteko aukera dago. Hainbatek Joko Olinpikoetan ibili dira”, azaldu du Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko presidenteak.

Esaterako, disko jaurtiketan eta iraupen erdiko lasterketetan izango den maila azpimarratu dute antolatzaileek. Disko jaurtiketan hemendik hilebetera Castellón jokatuko den Espainiako txapelketa irabazteko hautagaietako asko etorriko dira; tartean Frank Casañas eta Loys Mykel Martinez. Biak Olinpiar Jokoetan parte hartutakoak dira.

Bidezabaleko hainbat atleta ere nabarmendu dituzte: Natalia Redondo mailu jaurtiketan edo Olatz Egiguren 100 metro hesietan eta altura jauzian eta Said Ben Aissa luzera jauzian. Durango Kirol Taldeko atleta bik ere parte hartuko dute: Ainara Mugartegik 100 metrotan eta Kofi Darkok 100 eta 200 metrotan.

Martxa espezialitateko proba bat ere antolatu dute 10:30ean. Hain zuzen horixe izango da ikusi ahalko den lehen proba. Azkenengoa  13:20an hasiko den 200 metrotakoa izango da.

Probagaz Juan Jose Ziarrusta ere gogoratu gura dute. Durangoko alkate izan aurretik, 12 urtez Aldundiko Kirol eta Gazteria  saileko arduraduna izan zen eta kargu horretan zegoela egin zen atletismo pista Durangon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!