Caritasek administrazioen laguntza aldarrikatu du, etxebakoei aterpea emateko

Anboto 2015ko eka. 30a, 11:51

Caritasek duela urtebete zabaldu zuen Etxepel zentroa Durangon, Intxaurrondoko Jesusen Mirabeen komentu zaharrean. Urtebetean 22 pertsonari eman diete laguntza, eguneko zentroaren zerbitzuan. Gaua pasatzeko pentsio soziala zabaldu gura dute, baina administrazioen laguntza ezinbestekoa dela azaldu dute. Caritasen diruagaz, fundazio biren ekarpenagaz, parrokiagaz eta herritarren laguntzagaz bakarrik garatzen dabiltza proiektua.

Durangaldean urte luzez bizi diren 22 lagunek jaso dute Etxepeleko kideen laguntza eta babesa. Une honetan, 19 dira eguna bertan pasatzen dutenak. Atsedena, higienea eta aisialdia eskaintzen dizkiete. Adibidez, txakur bategaz esperientzia terapeutiko bat martxan dute orain.

Etxepelera joan diren 22 lagunetatik 7 Europar Batasunez kanpo etorritakoak dira. Alberto Estefanía Etxepelen arduradunak esan du 9 erabiltzaile kalean bizi izan direla, eta egoera hori sei urtez bizi izan dute batzuek. Estefaniak adierazi du Etxepel zabaltzeko ideia aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ikerketetan oinarrituta eduki zutela, zeinak Durangaldean horrelako zentro bat ipintzeko aholkua ematen zuten. Estefaníaren arabera, administrazio batzuek zentroaren beharrik ez zegoela esan zieten sorrera prozesuan. Baina, urtebeteko balantzeak beharrizana badagoela erakusten du, Estefaníaren ustez.

Etxepelen helburua, bazterkeria egoeran daudenei gizarteratzen laguntzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!