Ander Diez, Basque Culinary Centerreko ikaslea: "BCCk gastronomia beste era batera zabaltzeko aukera ematen du"

Anboto 2015ko eka. 28a, 10:00

Basque Culinary Centerreko (BCC) aurreneko promozioko ikasleetako bat da Ander Diez (Durango, 1993). Ikasturte amaierako proiektua du urtebetez Oiangu jatetxea (Ordizia) kudeatzea, lau ikaskidegaz batera. Lanez lepo dabiltza, baina lau urtean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea dute. Gipuzkoako Koktel Txapelketan egon berri da, eta Txirrisklas eta Gazte Kokteleria arloetako lehiak irabazi ditu.


Ez duzue erronka makala...
Baina nahiko ondo daramagu, jatetxea beteta egoten da ia egunero. Lan askogaz gabiltza, ordu asko dira, baina, gustura gabiltzanez, ez da horren latza.

Kudeaketa zuen esku dago.
Sukaldea, jangela eta barra, adibidez, guk antolatu ditugu. Gestioa eta diru kontuak ere gure ardura dira. Bost gara, eta bakoitzak eginkizun bat du. Batzuetan elkar jo arren, ondo konpontzen gara. [Barrez]
 
Sukaldaritza betidanik izan duzu gustuko?
Bai. Hala ere, argi nuen gauza bakarra beti izan da ez nuela zortzi orduan ordenagailuaren aurrean egon nahi. Hainbat aukera aztertu ondoren, hau irten zen, eta aurrera egin nuen. Orain ez dut neure burua beste inon ikusten.

Janariari gustua hartu diozu.
Asko, larregi. [Barrez] BCCk gastronomia beste era batera zabaltzeko aukera ematen du. Ikasketa gisa, behintzat, ez da eskaini orain arte. Gainera, gastronomiari buruzko jakintza ere eskaintzen dute: ekonomia, fisika-kimika, historia... Eguneroko lanerako prestatzen zaituztete, eta zerekin zabiltzan ere erakusten dizute.

Sukaldaritza ez zenuen lehenengo aukera; justu-justu sartu zinen honetan...
Pare batek utzi, eta azken unean deitu zidaten onartu nindutela esateko. Zortea izan nuen.  

Gauza onak zein txarrak esan dira BCCri buruz...
Leku ona lortu dute Euskal Herriko jatetxeek munduko 50 jatetxe onenen zerrendan; agerikoa da hemengo sukaldaritzak duen indarra. Ez dakit horrelako proiektuak beharrezkoak diren, baina mesede handia egiten diote sukaldaritzari.  

Sukaldari ospetsuak daude atzean, goreneko erreferente.
Ezagunenetarikoak bai, eta horrek ere motibatu egiten zaitu. Subijana, Arzak, Berasategi... etorri dira. Beti duzu erreferenteren bat, baina gure sukaldaritza gustatzen zaigu, eta hori egiten dugu. Norberak norbere ideiak lantzearen aldekoa naiz.

Betiko sukaldaritza edo egiteko era berriak dituzu gurago?
Kokteleria batean egin dut lan, eta nahasketak eta probak egitea gustatzen zait...

Kokteleria eta sukaldea batzen dituzu, beraz.
Trago bat sortzea pentsatzen dudanean, pastelgintza izaten dut gogoan. Askotan errazago lotzen ditut zaporeak horrela.

Zein duzu plater gogokoena?
Perretxiko bila joan, eta gero horiek jatea asko gustatzen zait, eta horri buruz gehiago jakin gura neuke.

Eta etorkizunean zer?
Gustatuko litzaidake jatetxe bat zabaltzea. Ez hurrengo urtean, ez bi urte barru, baina 10-15 urte barru-edo... Durangon baditut pare bat fitxatuta. [Barrez] Sukaldaritza mota gehiago ezagutu gura ditut. Asiara, Hego Amerikara eta Erdialdeko Amerikara joan gura nuke, bestelako produktuak ezagutzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!