EAJk PSE-EEgaz gobernatuko du Durangon

Anboto 2015ko eka. 19a, 18:13

Durangoko Udala gobernatzeko akordioa sinatu dute alderdi biek. Pilar Rios lehen alkateordea izango da -Mari Jose Balier jeltzalea bigarrena-, eta sozialistek batzorde bi zuzenduko dituzte: Gizarte Ekintza- Enplegua eta Berdintasuna. Durango Eraikitzen eta Durango Kirolak erakunde autonomoen ardura ere PSE-EEk edukiko du.

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin gestionatuko dute udala, alderdiek gaur ofizialki esan dutenez. Udalari "egonkortasuna" eman gura diote akordioagaz, eta alderdi biek erkidegoan sinatutako akordioari jarraipena ematen diote horrela. EAJk 8 zinegotzi lortu zituen, eta PSE-EEk 2.

Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, hainbat gai adostu dituzte datozen lau urteetarako. Adibidez, Gizarte Ekintzaren eta enpleguaren arloetan aurrekontua %20 handitzeko konpromisoa hatu dute.

Gainera, babeseko etxeak eraikitzea gura dute, alokairuko etxeen kopurua handitzeko. Durangon hutsik dauden 1.500 etxeen kasuan, horiek alokairuan erabiltzeko programak sustatzea adostu dute. Etxe kaleratzeak gertatu aurretik identifikatu eta sahiesteko partida bat ere gordeko dute. Horrez aparte, Sapuetxeren eraikina botatzea eta Urki-Hegoalde sahiesbidea egitea ere aipatu dituzte ekintzen artean.

Berdintasuneko partida ere %20 handitzea hitzartu dute, Andragunea handitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!