Bluesetik hip hoperainoko bidaia musikala, Plateruenetik abiatuta

Anboto 2015ko eka. 22a, 09:00

Ekainaren 26an, Durangoko Plateruenetik abiatuko dute, 21:30ean, AEBetako blues musikatik hip hop errimetarainoko bidaia musikala. Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek osaturiko Bart... Sax! saxo taldearen eta Beat Salad hip hoparen inguruko kolektiboaren elkarlanetik sortutako proiektua da Koloretako etorkizunerako... Go B(l)ack izenburukoa. Larrabetzun (Bizkaia) estreinatu zuten, ekainaren 20an, eta Durangon eskainiko dute, datorren barikuan, emanaldia.

Kotoi plantazioetan sorturiko blues doinuetatik saloietako ragtimera; New Orleanseko dixietik, swing eta big banden musikara; soul, rock eta jazzetik esperimentaziora eta hip hopera bidaiatzera gonbidatuko dituzte, datorren barikuan, Plateruenean elkartzen diren entzuleak. Ikuskizunak ordu eta erdi iraungo du.

Bart... Sax eta Beat Salad taldeetako jatorri eta adin ugaritako 22 musikarik parte hartuko dute emanaldian, zuzeneko musika, ahotsa eta soinu efektuak uztartuta.

Ekimenaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, “gaur egun entzuten dugun musika gehienak XIX. mendeko musika amerikarrean ditu sustraiak, eta komeni da historia ezagutzea”. Izan ere, gaur egun askori apurtzaileena eta berritzaileena iruditzen zaiena beste batzuek egina zuten 60ko hamarkadan; sintetizadoreak, loopak edo inproak erabiltzea, esate baterako. “Ikasleei zein publikoari horren berri ematea funtsezko iruditzen zaigu”, dio Itziar Castrillo Bart...Sax! taldeko kide eta Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako irakasleak.

Durangoko musika eskolak Plateruenean antolatzen dituen jam session saioetako batean ezagutu zuten elkar Bart...Sax! taldekoek eta Beat Salad kolektibokoek, eta horrela sortu zitzaien elkarrekin proiektu hau abiatzeko grina. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!