'Dagigun!' izango da Durangoko ibilaldiaren goiburua

Anboto 2015ko eka. 12a, 20:56
Kepa Zengotitabengoa eta Joseba Balerdi Durangoko ikastoletako presidenteak

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek 2016ko Ibilaldirako aukeratu duten leloak ikusmin handia sortu du azken asteotan. Izan ere, orain bi aste Bilboko Harrobia ikastolak Bilbon antolatutako Ibilaldian Durangokoek hartu zuten lekukoa. Azkenean, Durangoko ikastolen ikasturte bukaerako jaietan argitu da gaia. Kurutziaga ikastolako ehunka guraso eta ikasleren aurrean Joseba Balerdi eta Kepa Zengotitabengoa bi ikastoletako presidenteak izan dira Ibilaldia 2016ren lema ezagutzera eman dutenak: Dagigun!

 

Era berean, ekitaldian Ibilaldiaren irudia publiko egin dute. Ikastoletako arduradunek azaldu dutenez, lema horrekin "ikasle euskaldun, prestu eta konpetenteak" hezteko zereginean aurrera tinko jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi izan dute bi ikastolek. Gogoratu dutenez, "beharrezkoa da denen elkarlana ikastolen jatorrizko proiektuak etorkizunean ere fruituak eman ditzan".  

Ikastolek arlo pedagogikoan izan duten aintzindaritza mantentzeko proiektuen finantziazioa "funtsezkoa" dela diote. Ildo horretatik, Ibilaldian biltzen duten dirua Ibaizabal ikastolaren eraikin berria ordaindu ahal izateko eta Kurutziagako Haur Hezkuntzako eraikina berriztatzeko erabiliko dute. Ibilaldia antolatzeak urte osorako lana suposatzen du, beraz, ikasle, ikasle-ohi, guraso, irakasle eta euskalgintzako eragileei parte hartzeko deia luzatu diete.

Ikasturte bukaerako jaialdia, logo "moderno eta berritzailearekin" diseinatutako arropa saltzen hasteko aprobetxatu dute. Urte honetan zehar denda jarriko dute Durangon, Barrenkale kalean, udaletxe ondoan, egokitzen ari diren lokalean eta hainbat irteera ere egingo dituzte Bizkaiko hainbat txokotara. 

 

Denda zabaltzen denean, ondorengo ordutegia izango du:

Asteazkenetik ostiralera: 10:00-13:30 eta 16:30-20:00

Larunbatean: 10:00-13:30

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!