Igerilekuetako taberna martxan ipiniko du berriro Durangoko Udalak

Anboto 2015ko mai. 28a, 16:00

Landakoko igerilekuetako taberna berriro martxan ipiniko du udalak. Otsailean polemika piztu zen, taberna behar baino lehenago itxi zutelako. LABek protesta egin zuen, beharginak azken hil bietan kobratu barik zeudelako, eta taberna “txarto gestionatu” zela kritikatu zuen. Udalaren “utzikeria” salatu zuen, eta Dendak Bai elkartea jo zuen kudeaketaren errudun.

Izan ere, Dendak Bai elkarteagaz hitzarmena sinatu zuen udalak 2013an, elkarteak Landako eta Tabirako tabernak kudeatzeko. Lan barik zeuden herritarrak kontratatzea zen helburu soziala. Dendak Baik enpresa bat sortu zuen horretarako, baina adierazi zuen 2014 amaieratik defizit egoeran zegoela, eta horregatik itxi behar izan zuela Landakoko taberna behar baino lehenago. LABek eskaera bi egin zituen protestetan: zerbitzua berriro ez azpikontratatzea eta udalak behargin horiek kontratatzea.

Bada, udalak hasi du bi tabernen lizitazio prozesua, eta eskaerak egin ahal dira udaletxean. Tabernak kudeatuko dituen enpresak hainbat puntu hartu beharko ditu kontuan: genero ikuspegia, euskararen erabilera eta zero zabor filosofiaren arabera lan egitea, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!