Adineko aktoreek hiru antzezlan eskainiko dituzte San Agustinen

Anboto 2015ko mai. 26a, 12:08

Bihar hasiko da Adinekoen VI. Antzerki Jardunaldia Durangon. Jardunaldian ikusgai izango den obretako bat sortu duten Durangoko Goratagora antzerki taldeko kideek aurkeztu dute ekimena, gaur, San Agustin kulturgunean egin duten prentsaurrekoan.

Izaskun Asua Goratagora antzerki taldearen zuzendariak, Braulio Saiz, Jose Martin eta Anunciación Navas aktoreek. Argiñe Larreategi Udaleko Adinekoen saileko teknikariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak hartu dute berba aurkezpenean.

Maiatzaren 29an eta 31n eskainiko dute Durangoko taldeko 18 adineko aktorek jardunaldi honetarako prestatu duten El mesón de los suspiros antzezlana. Asuak azaldu duenez, 5 eta 10 minutu arteko 8 esketx laburrek osaturiko obra da Durangon estreinatuko dutena, "hainbat autoreren testuak aktore talde honentzat moldatuta sorturikoa". Pertsonaia bereziak taberna batean elkartuko dituzte Durangoko adineko aktoreek.

20 urteko ibilbidea

Adinekoen udal egoitzaren babesean, duela 20 urte sorturiko antzerki taldea da Goratagora, eta adineko 20 lagunek osatzen dute, gaur egun. Bi hamarkada horiek antzerki taldeari lotuta daramatzan Anunciación Varasek berba gutxitan azpimarratu du Goratagora taldeko esperientzia zer den beretzat: "Bizi gogoa ematen dit antzerkiak, antzezlan batek aurrera egin dezan dudan guztia emateak... Baina sentipen hori edukitzeko esperientzia hau bizi beharra dago".

Izaskun Asua zuzendariaren lana eskertu dute Saiz eta Martin taldekideek: "Pazientzia handia dauka gugaz, eta psikologo lanak ere egin behar izaten ditu sarritan". Izan ere, Asuak ere azpimarratu du prentsaurrekoan, antzezlana prestatzea "lan luzea eta gogorra" izaten dela, "eta elkarbizitzari loturiko ikasbidea ere bai; talde-lanean jardutea dakarrelako, edota elkar errespetatu eta laguntzea, besteak beste".

Emanaldien seigarren edizioa

Bi urterik behin antolatzen du adinekoen antzerki jardunaldia Durangoko Udalak, eta seigarren edizioa da aurtengoa. “Antzezlekuan jardutera ausartzen diren adineko pertsonak ikusteko aukera eskaintzen die jardunaldiak ikusleei”. Ikusle guztientzat, baina bereziki adinekoentzat, oso motibagarria da, adinekoak izan arren edo arazo fisikoak izan arren, antzerki obra batean parte hartzeko ilusioa eta ahalmena duten kideak antzerkia egiten ikustea.

Sarrera doakoa den arren, Goratagora taldekoen emanaldirako erreserba egin beharra egon da aurretik, eta saio bietarako sarrerak agortuta daudela esan dute gaurko aurkezpenean. Ikuslegoa bihar eta etziko emanaldietara joatera animatu dute.

Bihar, Suegras Bárbara’s izeneko endredozko komedia eskainiko dute Galdakaoko Alborada Berri elkarte kulturalekoek. Hugo Daniel Marcos argentinarrak idatzitako testuan oinarriturikoa da antzezlan hori. Etzi, bestalde, Gasteizko Las Cuatro Torres elkarteko kideak gonbidatu dituzte Durangora, Aquí no paga nadie antzerki obra eskaintzera. Dario Fo idazle italiarraren komedia da taularatuko dutena, eta krisi garaian bizirauteko borrokan dabilen bikote baten gorabeherak ditu berbagai.

 

Adineko VI. Antzerki Jarduanaldien egitaraua:

Maiatzaren 27an, 18:00etan

Suegras Bárbara’s  - Galdakaoko Alborada Berri elkarte kulturalaren eskutik

Maiatzaren 28an, 18:00etan

Aquí no paga nadie - Gasteizko Las Cuatro Torres elkartearen eskutik

Maiatzaren 29an eta 31n, 19:00etan

El mesón de los suspiros - Durangoko Goratagora antzerki taldearen eskutik

* Emanaldi guztiak San Agustin kulturgunean egingo dituzte

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!