Durangoko Andra Marin, "elkartasun pausuak"

Anboto 2015ko mai. 26a, 09:21

Durangaldeko Lasterbidean ekimeneko kideek ekimen berezia egin zuten zapatuan Durangoko Andra Marian. Euskal preso politikoen eta euren familien eskubideen alde lasterketa herrikoiak antolatzen ditu Lasterbidean-ek, eta ekainaren 7an Berriozarren egingo dute hurrengo lasterketa. Durangon, zapatuan, korrika egiteko zinta bat jarri zuten Andra Marin, eta jendeari bertan arineketan egiteko gonbita luzatu zieten, Lasterbidean-eko informazioa emateaz batera.

Ekainaren 7an Berriozarren egingo dutena elkartasun lasterketaren hirugarren edizioa izango da. Durangaldeko taldeak ohar bidez azaldu duenez,  "korrika eginez, euskal errepresaliatu politikoen eta beraien gertukoen eskubideen alde elkartasuna gauzatzeko ekimena dugu Lasterbidean. Etxetik urrun daudenak etxera ekartzeko bidea irudikatu nahi dugu bertan ospatuko diren lasterketa herrikoien bitartez".

Durangon, Andra Mariko elizpea baliatu zuten zapatuan ekimenaren berri emateko. Bertan, korrika egiteko zinta baten jendeari "elkartasun pausuak emateko aukera" eman zieten, eta Lasterbidean-eko informazioa banatu, izen-emateak egin eta kamisetak saldu zituzten. 

Ekainaren 7rako egun osoko egitaraua antolatu dute Berriozarren. Informazio guztia www.lasterbidean.eus webgunean dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!