Amerikako jatorrizko hizkuntzak aztergai 'Beltzean mintzo' dokumentalean

Anboto 2015ko mai. 26a, 09:12

Eguaztenean, Platerueneak proiektatuko dute Garabide elkartearen dokumentala. Amerikako hainbat hizkuntza komunitateko kideak dira protagonista, eta euren hizkuntzen biziberritzeaz dihardute dokumentalean.

Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maya yukatek hizkuntza komunitateetako hemezortzi amerikar Euskal Herrian egon ziren duela urte bi, Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak izeneko masterra egiten. Durangaldera ere etorri ziren, euren esperientzien berri emateko eta euskararen egoera ezagutzeko asmoz. Esaterako, Zabalarra ikastetxean, Kurutziaga ikastolan eta Durangoko Udalean egon ziren. Bada, bisitari haietako hamalaugaz dokumental bat landu du Garabide elkarteak, eta eguaztenean eskainiko dute Plateruenean, 19:00etatik aurrera. Beltzean mintzo deitzen da ikus-entzunezkoa, grabazioaren planoetan erabilitako atzealdeko tela beltzari erreferentzia eginez. 

Amerikarrek, euren esperientzia kontatzeaz aparte, euskaldunok zelan ikusten gaituzten azaltzen dute dokumentalean. Andoni Barreña Garabideko kideak adierazi du Euskal Herrian kultura eta nortasuna berrindartzeko egindako lana “oso estimu altuan” dutela dokumentaleko protagonistek. “Gu orain 50 urte lez daude eurak: baztertuta”.

Garabidek eta udalak lankidetza hitzarmena dute duela hiru urtetik, eta, adibidez, nasa herrian formazio planak finantzatu izan dituzte horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!