Durangoko Kulturalak Bigarren B mailarako igoera fasea hasiko du domekan, Tabiran

Anboto 2015ko mai. 22a, 09:13

Pasa den asteburuan, Durangoko Kulturalak Bigarren B Mailara igotzeko playoffetarako sailkapena lortu zuen. Ligako azkenengo partidua Portugaleteren aurka zuten durangarrek, etxean, eta, asko sufritu arren, 1-0 irabazi, eta sailkatzea lortu zuten.


Deportivo B taldearen aurka izango da lehenengo kanporaketa. Imanol de la Sota entrenatzaileak dio kanporaketa zaila izango dela: “Talde gaztea da, oso dinamikoa, eta, klub handien harrobiko edozein taldek bezala, oso gustuko du baloia edukitzea. Gauzak zail jarriko dizkigu”. Denboraldi hasiera kaskarra egin bazuen ere, bigarren itzuli biribila osatu du talde galiziarrak, eta playoffetara bete-betean iritsi da.

Baina Kulturala ere sasoitsu heldu da kanporaketa honetara; izan ere, azkenengo bost partiduak irabazi ditu. Gainera, ez dago inor min hartuta, eta jokalari guztiak egongo dira entrenatzailearen aginduetara.

Hiru kanporaketa gainditu beharko dituzte durangarrek, mailaz igotzea lortzeko, eta guztietan lehenengo partidua etxean izango da, ligan laugarren postuan amaitu duelako.

Maila profesionaletan gertatzen den bezala, mota honetako kanporaketetan kanpoko golek balio bikoitza dute. Beraz, oso garrantzitsua izango da domekan golik ez jasotzea eta Deportivoren atea zulatzea, itzuliko partidura aukerekin iristeko.

Sare sozialetan zabaldu da itzuliko partidua Riazorren –Lehen Mailako futbol zelaia– jokatu daitekeela, baina Imanol de la Sota ez da fio: “Ederra izango litzateke hori, baina oraindik ez dakigu non jokatuko dugun”.
Portugaleteren aurkako partiduan giro ederra egon zen harmailetan, eta tentsioa nabaritu zen. Hala ere, hurrengo partiduak garrantzi handiagoa duela azpimarratu du entrenatzaileak, eta partidura gerturatzeko deia luzatu die durangarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!