“Afrikan sorturiko rapa Mendebaldean zabalduko duen zubia izan nahi dugu”

Anboto 2015ko mai. 23a, 12:00

PPS The Ghost Writah Senegalgo hip hop abeslari ezagunaren diskoa kaleratu du Durangoko Beat Salad Records diskoetxeak.

Aurrerapauso berezia izan da Beat Salad Records diskoetxearentzat Senegalgo musikari baten diskoa editatzea?
Omar Thior: Bai; izan ere, nazioarte mailako gure lehenengo lana da hau: hiru kontinentetan landutakoa da. Senegalen sortua, AEBetako musikariekin grabatua eta Euskal Herrian editatua.
Arkaitz Cayado: Aurrerapausoa da, orain arte editatu dugun lanik profesionalena delako, serioena. Gainera, orain arte beti alderdi artistikoan ere parte hartu izan dugu. Haize freskoa izan da, orain arte disko batek dakarren lan guzti-guztia gure gain hartu izan dugulako.

Zelan sortu zen PPSrekiko harremana?
O.T.: Aspalditik jarraitzen dut PPS abeslaria. Senegalgo raparen munduan izen handia da. Disko bat kaleratzeko asmoa zeukala jakin nuen Senegalen bisitan nengoela, eta galdetzera joan nintzaion ea laguntzerik geneukan. Grabazioa ondo egina zeukan, eta laguntza eskaini genion diskoa argitaratzeko eta Senegaldik kanpo ere zabaltzen saiatzeko. Afrikan sorturiko rapa Mendebaldean zabalduko duen zubia izan nahi dugu.

Zer moduz hartu zuen proposamena?
O.T.: Oso pozik. Guk baino diru eta aukera handiagoak dauzkaten Senegaldik kanpoko hainbat diskoetxeren eskaintzak jasoak zituen, baina ikusi zuen gu rapean gabiltzala eta Afrikarekiko ikuskera berberaren alde egiten dugula. Uste dugu Afrika ezin dela herrialde hartzailea izatera mugatu, emateko asko duela. PPSren disko hau da horren adibide.

Diskoaren zenbat ale atera dituzue?
A.C.: Gu ohituta gaudenerako, asko egin ditugu: 2.500 alekoa izan da lehenengo edizioa. Disko fisikoez aparte, nazioarte mailan sare sozialen bitartez ezagutarazi, eta modu digitalean ere banatzea da gure apustua. Denda gutxitan, leku espezializatuetan, ipini ditugu aleak salgai. Durangon, Hitz liburudendan eta Kale Kantoi tabernan.

PPS Durangaldean bertatik bertara ikusi eta entzuteko aukerarik izango dugu?
O.T.: Dena aurreikusi bezala badoa, uztailean etorriko da diskoaren promozioa  Bilbon, Gasteizen eta Donostian egitera, eta irailean hainbat kontzertu ematera.

Zer nabarmenduko zenukete PPSk egiten duen musikari buruz?  
A.C.: Hip hopa da, baina ez dira DJaren ohiko baseen gaineko berbak bakarrik. Musikari askok parte hartu dute, kanta batzuk akustikoak dira... Guk entzun ohi duguna baino musika leunagoa da.  
O.T.: Senegalen, oso musikari errespetatua da PPS. Urtero egiten den rap lehiaketa batean, mila partaidetik hirugarren sailkatzea lortu zuen.
A.C.: Nik ez nuen PPS ezagutzen kolaborazio honen aurretik, baina banekien Omarrek bere herrialdetik ekarriko zidanak mereziko zuela. Eta horrela izan da. Omar da gurean Afrikaren ahotsa.
Wólof hizkuntzan kantatzen du PPSk. Zeintzuk gairi buruz?
A.C.: Batetik, bere esperientziei buruz kantatzen du. Bestetik, Afrikari buruz ere badihardu: Afrikak esnatu beharra duela dio, ezin dugula Mendebaldearen menpe bizitzen jarraitu.

 

Jakin-mina dutenentzat, wóloferaz kantaturikoa

Iazko urte erdi bere jaioterrian, Senegalen, eman zuen Omar Thior Omzo Beat Salad Records ekoiztetxe autogestionatuko kideak, eta han ezagutu zuen PPS The Ghost Writah abeslaria. Wólof hizkuntza darabil PPSk bere kantuetan. Omzoren berbetan, “sortzen dutena Mendebaldera zabaltzeko ingelesez edo frantsesez kantatzea ez dela nahitaezkoa erakutsi gura die PPSk afrikarrei: oso barneratua du beretik eman behar duela, inor imitatu gabe”. Arkaitz Cayado Itsua kideak dio askok pentsatzen dutela hizkuntza handiak baliatu behar direla norbere sorkuntza atzerrian zabaltzeko: “Guk uste dugu garena erakusteak ere zabaldu ditzakeela ateak”.

PPSren kantak entzutean, “baina ez dut ezer ulertzen...” esaten duenaren jarrerak ez die balio Itsuari eta Omzori. “Jakin-mina duenak, rapa gustuko duenak, gure herrietan bizi diren senegaldarrei eskatu diezaieke, adibidez, kanten letrak azaltzeko edo itzultzeko”, adierazi du Itsuak.

Omar Thiorrek dio nekatuta dagoela rapa umemokoen musika dela entzuteaz. “Senegalen unibertsitatea da hip hop abeslarien harrobi handiena”. Eta horrela da PPS abeslariaren kasuan ere. “Senegalgo hip hop kantarien %90ek jendearentzat baliagarriak diren gauzak kantatzen dituzte, asko daukate esateko”. Barrezka dio Omzok: “Mendebaldeak Afrikan lortu ez zuena, raparen bitartez lortuko dugu: Mendebaldearen kolonizazio mentala”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!