LOMCEren aurka, eskola intsumituen sarea sortu zuten duela urtebete, Katalunian. Dagoeneko 45 ikastetxe daude saretuta. Belén Tascón ordezkaria Durangon izan da.
Zer motibogaz sortu duzue LOMCEren aurkako sarea?
LOMCE, lege erregresiboa dela uste dugu. Alde batetik, legearen karga ideologiko guztia dago: ez da barneratzailea, ez da laikoa, zentralizatzailea da, hizkuntz eredua erasotzen du... Bestetik, DBHn errepikatzen duten ikasleak Lanbide Heziketarantz bideratu gura dituzte, Europaren aurrean txarto ez geratzeko.
Hirugarren mailako azterketari aurre egiteko kanpaina zehatz bat egin duzue, ezta?
Saretik apartekoak diren beste hainbat eskola ere gehitu dira, eta 500 familia baino gehiago intsumiso agertu dira probaren aurrean. Ez dituzte umeak eraman ebaluazio egunetan.
Bestelako intsumisio deiak ere zabaltzen zabiltzate.
Erabakiak eskola kontseiluek hartu ditzaten saiatzen gabiltza, adibidez. Hizkuntz eredua mantentzea da beste lan arlo bat; Katalunian urte hauetan guztietan gizarte kohesioa bermatu duen eredua da. Katalana ezin da ingelesagaz edo matematikagaz berdindu. Ez daitezela gaztelaniaz matrikulatu eskatu dugu, eta Erlijioa zein Ekintzailetasuna irakasgaiak ez ditzatela aukeratu.
Eta zerbait lortu daiteke?
Baikorrak gara. LOMCE PPren botoekin bakarrik onartu zen; gainontzeko alderdiek esan zuten kendu egingo dutela, aldaketa egonez gero. Alderdi politikoek hori gogoan izatea gura dugu.