Raquel Fernandezen 'Espazioa paper bezala' erakusketa inauguratuko dute gaur

Anboto 2015ko mai. 15a, 14:37

Raquel Fernández artistaren lana egongo da ikusgai, hilabete honetan, Durangoko Arte eta Historia Museoan; Espazioa paper bezala izenburua du obrak. Gaur, 19:00etan, egingo dute erakusketaren inaugurazioa, eta ekainaren 14ra arte egongo da ikusgai.


Masaren eta hutsunearen inguruko gogoetan oinarrituriko eskultura lana da Fernandezena. Bere eskulturak, askotariko materialetan egindako forma geometrikoak dira, baina pintura ere lantzen du.

Julián Franco arkitektoak Espazioa paper bezala erakusketaren aurkezpen orrian dioenez, “forman zein edukian, askatasun sentimendu sakon bat dario” Fernandezen lanari. “Lana ez da soilik materiala”, dio Francok: “Intelektualitatea modu konstantean agertzen da hutsunetik materialtasunera doan garapen prozesu baten bitartez, formak planoetatik lerroetara eta azkenik airera eramanez”. Fernandezen lanak ikuslea harritzeko daukan gaitasuna ere azpimarratu du Francok.

Martitzenetik zapatura, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egongo da erakusketa zabalik, eta, domeketan, ostera, 11:00etatik 13:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!