Euskal Astearen 18. edizioa aurkeztu dute

Anboto 2015ko mai. 15a, 13:09

Durangoko 15 kultur eta kirol talderen ordezkariek aurkeztu zuten, atzo, maiatzaren 22an hasiko den Euskal Astearen egitaraua. Ekainaren 20ra bitartean euskaragaz eta euskal kulturagaz loturiko askotariko ekintzak izango dira Durangon.

Euskal Astean parte hartzen duten elkarteen ordezkariek eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak prentsaurrekoa eskaini zuten, atzo, Durangoko Udaleko pleno aretoan. Besteak beste, euskal dantzen emanaldiak, kontzertuak, kirol ikuskizunak, literatur lehiaketak, umeentzako jolasak, eta antzerki emanaldiak biltzen dituen aurtengo Euskal Astearen egitaraua aurkeztu zuten.

Durangoko 25 elkartek egin dituzte aurten Euskal Asterako euren ekarpenak: elkarte bakoitzak, urte guztian zehar lantzen duen arloko emanaldiak antolatzen ditu maiatz eta ekaineko egitarau honetarako.

Eragile berriak gehitu dira aurten, gainera, Euskal Astera; Garabide elkartea, Nevers ikastetxea, eta Intxaurre kultur elkartea. Azken honek, Santutxuko Gaztedi taldea gonbidatu du, ekainaren 13an Maskarada bat eskaini dezan Durangon. 

Bost urteroko hitzordua antolatu du, bestalde, Kriskitin dantza taldeak. Antzinako erako eztegua egingo dute, ekainaren 20an. San Agustin kulturgunean hasiko dute eztegua, Santanan egingo dute arreoaren aurkezpena, eta Musika Eskolako berdegunean egingo dituzte bazkaria eta erromeria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!