Erdi Aroko gazteluei buruzko hiru berbaldi izango dira, maiatzean, Durangon

Anboto 2015ko mai. 13a, 11:35

Arkeologia eta Historia jardunaldien seigarren edizioa hasiko dute, asteon, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Erdi Aroko gazteluak Euskal Herrian izenburua du aurtengo zikloak, eta maiatzeko hiru eguenetan, 19:00etan, hasiko dira hitzaldi guztiak. Aranzadi Zientzia elkarteko Juantxo Agirrek zabalduko du, bihar, jardunaldien aurtengo edizioa. Amaiurko (Nafarroa) gazteluari buruzko hitzaldia eskainiko du, Amaiurko gaztelua: arkeologia eta oroimen historikoa izenburukoa.

Maiatzaren 21ean eta 28an izango dira jardunaldiaren barruko hurrengo hitzorduak. Juan Antonio Quirós EHUko arkeologia katedradunak, Los castillos medievales y los poblados fortificados de Álava y Treviño berbaldia eskainiko du, maiatzaren 21ean. Azken urteetan Trebiñoko konderrian egin dituzten hainbat arkeologia lanen inguruko azalpenak emango ditu Quirósek. Arabako hegoaldean, gotorturiko hainbat herrixka sortu ziren X. eta XII. mendeen artean, eta horrek hainbat gizarteko botere harremanetan zelan eragin zuen azalduko du arkeologoak.   

Maiatzaren 28an, Astxikiko (Abadiño) gaztelua hartuko du Armando Llamosas Eusko Jaurlaritzako arkeologoak, Durangon, berbagai: El castillo de Astxiki. Una atalaya sobre el Duranguesado hitzaldia eskainiko du. Euskal Herrian Erdi Aroko gazteluen inguruan daukagun erreferentzia bakanetakoa da Abadiñoko hori. Ikerlari batzuen ustez, Nafarroa eta Gaztelaren arteko borroken kokagunea izan zen Astxiki.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!