L’Atelier eskolaren eskutik, dantza kalera aterako dute, barikuan eta zapatuan

Anboto 2015ko mai. 6a, 10:20

Durangoko L’Atelier dantza eskolak Durangoko Udalaren laguntzagaz antolatu du Dantzaren Nazioarteko Egunaren inguruko egitaraua. Bosgarren urtea da “dantza kalera ateratzeko” hitzordu hau antolatzen dutena, eta Oiane Azkonizaga L’Atelier eskolako zuzendariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkeztu dute aurtengo edizioa.

Oiane Azkonizagaren berbetan, dantzarien eta gonbidatuen artean, 400 partaide inguru ibiliko dira maiatzaren 8 eta 9ko ekitaldietan. Izan ere, Azkonizagak azpimarratu duenez, “nabaria da azken urteetan dantzaren inguruko kultura errotzen dabilela Durangon”.

Bariku iluntzean egingo dute lehenengo ekitaldia, eta, zapatuan, askotariko emanaldiak eta ekintzak izango dira egun guztian. Andra Maria basilikan, 20:00etan izango da lehenengo hitzordua. L’Atelier eskolako dantzariak ariko dira, Durangoko hainbat musikariren zuzeneko musikagaz: Gehizazpi biolontxelo taldea, Bartolome Ertzilla musika eskolako kantariak eta orkestra, Bogoroditsie abesbatza, Ion Ugarriza, Kukulagara bikotea eta L’Atelier kantu taldea gonbidatu dituzte dantza emanaldiari doinua jartzera.

Landako Gunean eta inguruetan egingo dituzte maiatzaren 9ko ekintza gehienak. Tronperri, Txoritxu Alai eta Kriskitin taldeen dantza emanaldiagaz hasiko da egitaraua, 11:00etan, eta, goizean, besteak beste, umeentzako tailerrak eta ballet emanaldiak izango dira Landako Gunean. Bestalde, zirkua, dantza edo antzerkia egiteko, eta kantuan aritzeko aukera eskainiko diete bertaratzen diren umeei, 11:30ean hasiko diren tailerretan. Ondoren, eguraldi ona eginez gero, San Agustin kulturgunearen aurrealdeko barran emanaldia eskainiko dute dantza ikasleek, 13:00etan.

Dantzariak, euren senitartekoak eta lagunak Plateruenean elkartuko dira bazkaltzeko, eta 18:00etan ekingo diote arratsaldeko egitarauari. Parte hartu gura duten guztiek irakasle adituen jarraibideekin kaleko dantzen oinarrizko mugimenduak ikasteko aukera izango dute, 18:00etatik aurrera; funka, hip hopa, breakdance estiloa eta jazz lirikoa probatu ahalko dituzte.

L’Atelier eskolakoek dantza garaikideko emanaldia eskainiko dute 19:00etatik aurrera, eta, ondoren, 19:45ean, dantzarien arteko norgehiagoka izango dute. Dantza eskolako irakasleek emango dizkiete, 20:30ean, dantzari onenei sariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!