‘Hitzez eta ahotsez’ ekimenean, 236 herritarrek sei orduko erritmo biziko ikuskizuna eskaini zuten

Anboto 2015ko api. 30a, 13:06

Iaz, Joseba Sarrionandiaren berbekin osatu zuten Hitzez eta ahotsez ekimena, eta, aurten, bigarren edizioan, itsasoaren inguruko literatura atera dute plazara. Ikasturte honetan garatu dituzten irakurle kluben ostean, ekimena amaitutzat emateko ekitaldia egin zuten, joan zen barikuan, Durangoko Plateruenean. Sei orduko erritmo biziko ikuskizuna, etenik bakoa, eskaini zuten parte hartu zuten 236 herritarrek.

Kultur arloan dihardutenak, eta herritar literaturazaleak elkartu ziren hitzordu horretan, adin guztietakoak. Antolatzaileen berbetan, “gazte askok parte hartu zuen, eta baita helduek eta 80 urtetik gorakoek ere”.
Hitzek, kantuek, musikak, eta irudiek osatu zuten apirilaren 24ko Platerueneko emanaldia. Euskarazko literaturan itsasoa gaitzat harturik sortutako olerkiak eta prosa pasarteak irakurri zituzten: Joseba Sarrionandiak ekitaldirako idatzitako Balea olerkia, eta hainbat ikaslek, irakaslek eta bertsolarik sortutako lanak, adibidez.

Irakurraldiekin tartekatuta, musika emanaldi laburrez ere gozatu ahal izan zuten Durangoko kafe antzokiko ekitaldira hurreratu zirenek.

Antolatzaileen berbetan, giro oso polita sortu zen. “Partaideak gustura egon zirela uste dugu”, esan dute. Hain zuzen, parte hartu zuen jende horri guztiari eskerrak eman gura izan dizkiete.

Euskal literaturan sakontzeko asmoz antolatzen dute ekimena; iaz, Joseba Sarrionandia iurretarraren obran sakontzeko eta haren lana ezagutarazteko helburua gauzatu zuten, eta, aurten, euskal literaturaren historian leku berezia izan duen itsasoaren inguruko iruditeriaren gainean gogoeta egin, eta hainbat sortzaileren lana gizarteratu dute.

Jendeak aurtengo ekitaldiari eman dion erantzun ona ikusita, datorren urteko edizioa antolatzeko animo asko jaso dutela esan dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!