Emakumezkoen krisialdiez, 'Obarixo biaz', Plateruenean

Anboto 2015ko api. 30a, 10:55

Teresa Caloren Historias de mujeres en crisis antzezlanaren moldaketa eskainiko du Ondarroako Traman & Brix taldeak, maiatzaren 3an, 19:00etan, Durangoko Plateruenean. Obarixo biaz izeneko antzezlana uztailean estreinatu zuten, Ondarroako Beikozinin. Traman & Brix taldean ikasturte honetan prestatu duten lana da Obarixo biaz.

Kattalin Arizmendiarretak Ondarroako berbakerara ekarritako testuak “umorea, kritika eta drama” biltzen dituela azaldu du Ana Elordi antzezlanaren zuzendariak. Taldekidearen berbetan, “krisialdian dauden emakumeak dira protagonistak: egoera ekonomikoak, arrazoi existentzialek eta laneko kontuek eragindako krisialdia bizi duten emakumeak”.

Hain zuzen, emakumezkoak dira taldeko antzezleak: 20 eta 60 urte arteko ondarroarrak. “Horregatik, emakumeentzako testuen bila ibiltzen gara, eta azken urteotan testu garaikideak aukeratu izan ditugu gehienbat. Emakumezkoek sortutako lanak, sarritan”, azaldu du Ana Elordi zuzendariak. Ildo horretakoak dira Obarixo biaz lanaren aurretik prestatu dituzten Gizonak edo Hauxe da paraderu antzezlanak ere.

Ana Elordi aktoreak zuzentzen du 2007. urtetik Traman & Brix taldea, eta berak zuzenduriko antzerki tailer batean elkarturiko partaideek osatzen dute taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!