Gillen Oarbeaskoa: "Hematologia arloan, minbiziaren inguruan ikertzea da nire helburua"

Anboto 2015ko api. 25a, 10:00

EHUko Medikuntza fakultateko Gillen Oarbeaskoa durangarra bigarren gelditu da barruko mediku egoiliar izateko MIR azterketan. Urtarrilean egindako proban, 12.199 ikaslek parte hartu zuten, eta durangar gazteak 191,33 puntu eskuratu zituen. Orain, Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean erresidentzia egiten dabil. Etorkizunean, ikerkuntzan jardun gura du. Konstantzia eta ahalegina dira Oarbeaskoaren arrakastaren gakoak. Azterketa prestatzen ibili den hilabeteetan egunean hamabi ordu eman ditu liburuen aurrean.

Zelan aukeratu zenuen medikuntza ikastea?
Betidanik izan dut medikua izateko gogoa. Ilusio hori nuen. Hala ere, batxilerrean asmo hori aldatu nuen, eta ia-ia Farmazia ikasketak egiten hasi nintzen. Ikerkuntzan aritu nahi nuen, eta uste nuen horrela errazagoa izango zela. Ikastolako orientatzaileak esan zidan Medikuntzatik errazagoa izango zela.

Zenbat urte eman dituzu ikasten?
Karrerako sei urteak eta, barruko mediku egoiliar izateko azterketa prestatzen, ekainetik urtarrilaren 31ra arte.
 
Bide gogorra izan da?
Bai, asko exijitu behar diozu zeure buruari, eta zugandik asko espero dute.

Presio handia sentitu duzu?
Nik ez nuen hainbeste exijentzia, baina beti saiatzen zara zeure onena ematen. Neure burua gainditu gura nuen, beraz, esfortzu pertsonal bat izan da.

Zelan prestatu duzu azterketa?
Ekainaren 21ean hasi ginen, eta urtarrilaren 30ean izan genuen azken eskola. Akademian hasi nintzen prestatzen, lagunekin eta neska-lagunagaz egunean hiru ordu. Gero, zazpi-zortzi ordu ikasten pasatu ditut. Beraz, guztira, gutxi gorabehera hamabi ordu eman ditut egunean ikasten.

Emaitza hori espero zenuen?
Nahiko nota ona espero nuen, baina ez hain ona. Nire espezialitatea egiteko nota nahikoa izan gura nuen. Lehenengo 500 edo 100 sailkatuen artean egoteko esfortzu handia beharrezkoa da, baina hortik aurrera bigarren gelditzeko zorte apur bat ere behar da. Beti dago azterketan erantzuten ez dakizun galderaren bat edo gaizki idatzita dagoen bat, eta zure interpretazioa egokia izatea zorte kontua da.

Hainbeste ahalegin eta gero, bigarren gelditu zarela jakitea itzela izan behar da.
Lagun baten bidez ezagutu nuen emaitza, eta harritu egin nintzen. Poztasun handia izan zen.

Azterketa honen ostean zer bide hartu duzu?
Orain espezialitatea egiten nabil. Lau edo bost urteko kontratu bat da espezialitatea, medikuntzan ikasten jarraitzeko aukera bat.

Espezialitatea non zabiltza egiten?
Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean hasi naiz, Hematologia Sailean.

Ikerkuntzan jardun gura duzu, baina bereziki zer ikertzen?
Hematologia arloan, minbiziaren inguruan ikertzea da nire asmoa.  

Medikua izateko bokazioa behar dela uste duzu?
Nik uste dut baietz. Espezialitate batzuk eramangarriagoak diren arren, orokorrean lan oso gogorra da. Jendea hil egiten da, eta gaixoen sufrimendua ikusten duzu. Ez dago hori ordainduko duen dirurik. Nik uste dut norbera jendeari laguntzeko prest egon behar dela. Horixe da mediku baten oparirik handiena: jendeari laguntzea.

Medikuntza ikasketetan, zati handi bat euskaraz ikasi duzu.
Lehenengo zikloa bai. Bigarrenean zailagoa da, ikasgai batzuk bakarrik daudelako euskaraz.

Sarritan entzun dugu, Osakidetzako oposizioetan euskara saritzen denean, batzuek mediku onak gura dituztela, eta euskara jakitea ala ez jakitea ez dela garrantzitsua. Zer deritzozu horri?
Arazoa ez dut horrela ikusten. Kontua da, ikastean, esate baterako, kanpoko irakaslerik ezin dela etorri. Baina hori, edozein hizkuntzatan gertatzen da. Ingelesez dakien bat ere ezingo da etorri gaztelaniazko eskolak ematera, gaztelaniaz ez badaki.

Euskaraz ikasten duzuen askok frogatu duzue ondo prestatuta zaudetela. Beraz, bi faktoreak batzen dituzue.
Gauza bat hizkuntza da, eta beste bat mediku ona izatea. Gainera, hizkuntzaren argudioa ezin da baztertzailea izan.  

Liburu artetik irten, eta orain aurrez aurre egingo duzu topo pazienteekin.
Hori da gutxien praktikatu duguna. Esaten da esperientzia dela zientzia guztien ama. Baina hori edozein lanbidetan gertatzen da. Turismo arloan edo kazetaritzan, esate baterako, berdin gertatzen da. Unibertsitatean, praktiken arloa gehiago jorratu beharko litzateke. Praktika gehiago egon beharko lirateke autonomia handiagoagaz.

Ikerkuntzan jarduteko kanpora joatea gustatuko litzaizuke?
Ez dut ezinbesteko ikusten kanpora joatea. Kanpoko ospitale batean jorratu nahi duzun gai hori hobeto landu ahal baduzu, ondo iruditzen zait bertara joatea. Helburua ahalik eta hoberen prestatzea bada, ez du inporta nora mugitzen zaren, ezta hemen gelditzen zaren ere.   

Ikertzaile onenak kanpora joaten direla esaten da. Horrela da?
Medikuntza arloan, estatuan mediku oso onak daude, mundu mailan erreferentzia direnak. Beraz, horretaz ezin gara kexatu, hobetzeko lan handia egiteko dagoen arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!