San Agustinen 'Los insignificantes' ikusteko sarrera guztiak salduta

Anboto 2015ko api. 23a, 14:03

Atara Zarata antzerki taldearen eskutik, Los insignificantes antzezlana ikusteko beteko da Durangoko San Agustin kulturgunea bihar, barikua. Aspaldi saldu zituzten gaurko emanaldirako sarrera guztiak, eta 200dik gora ikusle espero dituzte. Markel Ganboa durangarrak idatzi eta zuzenduriko obra da Los insignificantes, Durangoko hainbat antzerkigile gazte bildu dituena. “Barrenetik ateratako testua” da, Ganboaren berbetan.

Kabaret batean kokaturiko istorioa da, eta gizartearen arauetatik aparte bizi diren bertako langileak dira protagonistak. “Bakoitza bere erara, urratzaileak dira pertsonaia guztiak”, azaldu du Ganboak. “Zazpi bekatu kapitalak dira antzezlanaren ardatza, eta humanizatu egin gura izan ditugu. Kabareteko unibertso paralelo horretatik kanpo daudela uste dutenak ere mundu horretan sartuz gero, beharbada, bertan geratuko liratekeela iradokitzen dugu”.

Aitor Etxarte, Julene Bernaola, Pello Velasco, Leire Barrenetxea, Ane Moreno, Iban Quesada eta Miren Uribelarreak dihardute aktore lanetan.

Aurretik, Desberdinak eta Nor nori nork antzezlanak sortu ditu lantalde horrek: guztiak euskaraz. Oraingoan, baina, gaztelaniaz taularatuko dute euren istorioa. “Gaztelaniaz  egitearena barne eztabaida baten emaitza izan da”, azaldu du Ganboak. “Aurretik egindakotik atera, eta hemendik aurrera leku berrietan eskaini ahal izateko helburuagaz egin dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!