Duela hogei bat urte hasi ziren antolatzen Mugarri Eguna, udalaren ekimenez, eta ardura Alpino Tabira mendi taldeak hartu zuenetik hamazazpi edizio pasa dira dagoeneko. Jose Ramon Arrizabalaga Alpinoko kideak gogoratu du Durangok duen hedadura ezagutaraztea izan zela sortzaileen helburua, eta horretarako herriko mugarriak bisitatzea proposatu zutela. Herriaz informazioa emateko asmo horrek oraindik ere bizirik dirau, eta sarritan gertatzen den anekdota bota du Arrizabalagak: “Batzuek sorpresa itzela hartzen dute Dimagaz ere muga egiten dugula jakitean”. Domekarako, Mugarri Eguna antolatu dute berriro; 08:30ean irtengo dira Andra Mariko elizpetik.
Bosgarren etapa
Durango inguruko herrietatik bereizten duten mugarrien ibilbidea bost etapatako zirkuituan egiten dute: urte bakoitzean etapa bat. Aurtengoa bosgarrena izango da, eta, horrela, lau aldiz osatuko dute zirkuitu osoa. Domekako ibilbidea bederatzi kilometrokoa izango da; lehenengo, Basobaltzako lehen mugarriraino heltzeko ia lau kilometroan ibiliko dira, eta, gero, handik Landakoko kiroldegirainoko bost kilometroak Durango eta Iurreta bereizten dituzten mugarrietatik egingo dituzte. Ibilbidea orokorrean erraza dela eta azalpenak emateko tarteak hartzen dituztela esan du Arrizabalagak. Botak eta ura eramatea komeni da.
Alpino taldearen “urteko ekintza berezia” dela azaldu du Jose Ramon Arrizabalagak, eta bertan sortzen den giroa nabarmendu du. Izan ere, Durangok duen hedadura ezagutzeaz gainera, disfrutatzea ere bada ekimenaren helburua.