Zarautzera egindako bisitan 0-2 irabazi ostean lortu dute igoera. Durangarrak arin aurreratu ziren markagailuan Zarautz taldeko jokalari batek bere atean sartutako gol bati esker (17. Minutua). Ondoren, bigarren zatiaren hasieran Julen Callejak bigarrena sartu zuen.
Oier Gonzalezek zuzendutako taldeak oso denboraldi ona osatu du. Jokatutako 30 partiduetatik 19 irabazi ditu eta Aurrera Vitoria liderrarengandik puntu batera geratu da. Horrela, datorren denboraldian gazte mailan jokatu daiteken mailarik altuenean arituko da berriro Durangoko Kulturaleko gazteen taldea. “Zoriondu egin gura ditut. Poz itzela eman digute. Orain ea Ohorezko Mailan egonkortzeko aukera dugun”, adierazi du Fernan Bilbao Klubeko presidenteak.
Kolpe latzari buelta emateko ahalmena
Joan zen asteburuan, Tabiran, igoera zaleen aurrean ospatzeko aukera paregabeari ihes egiten utzi zion Kulturalak. Atsedenaldira aurretik heldu ziren: 1-0 Lekeitoren kontra. Bigarren zatiari ekin aurretik bazekiten Santutxu hirugarren sailkatuak bere partidua galdu egin zuela eta birtualki igota zeudela. Denak eginda zirudien, baina ezustean, Lekeitio azken hirugarren sailkatuak partiduari buelta eman zion: 1-2. "Kolpe oso gogorra" izan zela onartu du Oier Gonzalez entrenatzaileak. Horregatik, astean zehar alderdi animikoa landu dute batez ere eta lan horrek bere fruituak eman ditu.
Inork gutxik aurreikusten zuten igoera
Denboraldi hasieran igoera ez zegoen Kulturalaren asmoen artean. Jokalari berri askogaz, apurka berriro talde sendo bat egituratzea zen urte honetarako helburu nagusia. Baina "jokalariek lan handia egin dute eta denboraldi hasieran inork itxaroten ez zuen igoera lortu ahal izan dugu".
Erronka handia aurretik
Datorren denboraldian erronka handia izango dute aurretik. Klub indartsuen gazte mailako taldeen (Athletic, Erreala, Osasuna…) aurka ariko dira eta, lau talde jaisten direnez, klub xumeentzat oso zaila izaten da bertan luzaroan egotea.