Mavi Garcia garaile Euskaldun Torneoko lehen lasterketan

Anboto 2015ko api. 20a, 09:40

Mavi Garcia, Bizkaia-Durango taldeko balearretako txirrindulariak, Euskaldun Torneoko lehen lasterketa irabazi zuen Zallan larunbatean. 

Lasterketa hasi eta segituan seikote batek tropeletik alde egitea lortu zuen. Ihes egindako tropeltxoan Yulia Ilinykh, hau ere Bizkaia-Durangokoa, Sheyla Gutiérrez, Eider Merino, Mar Bonnín eta Ainara Elbusto zeuden, Mavi Garciarekin batera. Ez zuten denbora asko behar izan minutu eta hamar segundoko tartea irekitzeko. Trenbide pasagune baten, denbora dena galdu zuten, hesia igotzean ordea tropelak minutu eta hamar segundoko denbora utzi behar zion lehengo seikoteari berriz ere. Geldialdiaren ondoren Lointek taldeko Eider Merino, tropeltxoaren buruan jarri zen Herbosako igoeran eta horren ondorioz bere taldekide Gutierrez atzean geratu zen. Geroago etorri zen Mavi Garciaren erasoa, pedal kolpe gogorraz baliatuz Garciak ihes egin eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen, Euskaldun Torneoko lidertza eskuratuz.

Igandean Balmasedan izan zen Euskaldun Torneoko bigarren lasterketa. Mavi Garciak lidertzari eustea lortu ez bazuen ere Bizkaia-Durangok bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen; Olga Dovrininarekin eta Julia Ilinykekin. Talde bereko Lierni Lekuona izan zen bosgarren eta BZK Emakumeen Birako Gloria Rodriguez seigarren. Junior mailan CAF taldeko Sandra Alonsok bigarren postuan bukatzea lortu zuen.

Datorren astean Elorrioko eta Matiena-Abadiñoko lasterketak ospatuko dira. Elorrioko 1,4km-ko erlojupekoa apirilaren 24an izango da eta Matiena-Abadiñoko lasterketa apirilaren 26an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!