Itsasoaz diharduten testuen irakurraldi irekia egingo dute barikuan Plateruenean

Anboto 2015ko api. 20a, 12:32

Hitzez eta ahotsez ekimen herritarraren bigarren edizioa biribiltzeko ekitaldia hartuko du, apirilaren 24an, Durangoko Plateruenak. Itsasoa hartu dute aurten ekimenaren ardatz, eta elementu horren inguruan idatziriko literaturaren irakurraldi herritarra da datorren barikurako antolatu dutena. Sei orduko emanaldia izango da.


Antolatzaileek aurreratu dute 225 lagunek dagoeneko izena eman dutela emanaldi horregaz euren ahotsekin bat egiteko. Aurrez izena eman ez dutenek parte hartzeko aukera dute oraindik. Horretarako, hitzezetaahotsez@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar dute.

Irakurleak, abeslariak eta musikariak kontuan hartuta, 250 lagunen parte hartzeagaz osatuko dute ekitaldia; 18:00etan hasita, etenbako emanaldia eskainiko dute gauerdira arteko ekitaldian. Sei ordu iraungo du Platerueneko ikuskizunak.

Iaz bezala, pertsona ezagunak, idazleak, bertsolariak, poetak, abeslariak, eta, batez ere, irakurle anonimoak elkartuko dira ekimenean. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “jende ospetsua egongo den arren, ez da izarren gaua izango, partaideen gaua baizik”. Irekia da ekitaldia; edonor joan daiteke saioa entzutera. Hain zuzen, Plateruena euskal literaturazalez betetzea da antolatzaileen helburua.

Barikuko saioan, egun horretarako sortutako testu batzuk eta sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Irakurraldiaren muina, baina, Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Martin Iturbe, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Txomin Agirre, Pako Aristi, Toti Martinez de Lezea, Jon Maia, Aurelia Arkotxa, Edorta Jimenez eta Karmele Igartuaren testuek osatuko dute.

Itxaropentsu daude
Eider Rodrigezen (Orereta, Gipuzkoa, 1977) hitzaldiagaz eman zioten hasiera Itsasoa, hitzez eta ahotsez egitasmoari, urtarrilean. Durangoko Arte eta Historia Museoan izan zen hitzaldia, eta 50 lagun inguru elkartu ziren. Sarrionandiaren literaturan itsasoak izan duen presentziari buruz kaleratu duen liburuaz jardun zen Rodriguez.

Otsailean eta martxoan, bestalde, berbaldi dialogikoetan elkartu dira Udal Bibliotekan. Antolatzaileek aitortu dute “zaila” dela jendea hizketaldietara erakartzea: “Katalunian hain hedatua dagoen solasaldi mota hori gurean ez da oraindik errotu, baina itxaropentsu gaude, jorratutako bideak merezi izan duelakoan”.

Sei lagunek bultzatzen dute Hitzez eta ahotsez, Durangoko museoaren, Plateruenaren eta Udal Bibliotekaren babesagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!