Ez ohiko udalbatzarra eguerdian deitzea kritikatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko api. 16a, 09:57

EH Bilduk eskatuta, gaur ez ohiko udalbatzarra egingo dute Durangon. Baina, gobernu taldeak eguerdiko 12:00etarako egin du deialdia. EH Bilduk udalbatzarrera joateko gonbitea egin zien herritarrei, eta horregatik, ordutegi hori EAJk "herritarren parte-hartzea zailtzeko" ipini duela uste du koalizioak.

Legealdi honetan garatu barik geratu diren hamasei mozio berriro udalbatzarrera eroango ditu EH Bilduk. "Durangoren etorkizunerako ezinbestekoak diren gaiak" direla esan du koalizioak, eta onartuta egon arren, EAJk ez dituela bete. EH Bilduk prentsaurreko bat eman zuen duela bi aste, ez ohiko udalbatzarra burutzeko eskaria egingo zuela aurreratzeko. Baina, batzarraren ordutegia ez zaio gustatu. "Zaildu egiten du udalean lan
egiten ez duten zinegotziak bertaratzea, eta Durangoko herritarrak ez bertaratzea ahalbidetzen du".

Ironia ere erabili du koalizioak oharrean: "Hau da alkatearen akordioetara heltzeko ezgaitasunagatik eta herritarren parte hartze ezagatik markatuta egon den agintaldi bati amaiera emateko erarik onena".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!