Bateginez elkartea desagertu egingo da

Anboto 2015ko api. 15a, 16:14

Bateginez gobernuz kanpoko erakundea desagertu egingo da. Guatemalako Pochuta herrian egiten zuen batez ere lan, eta hori bideratzeko Apsadec elkartea sortu zuen Pochutan. Baina azken boladan Bateginezek konfiantza galdu du Apsadeceko zuzendariengan, eta lankidetza amaitutzat eman du.

Ondorioz, elkartearen zikloa amaitu egin da; elkarteko kideek Bateginez desegitea erabaki dute asanbladan, eta 22 urteko elkartasun dinamikari agur esango diote. “Ez zeukan zentzurik beste proiektu bategaz zerotik hasteak”, esan du prentsaurrekoan Raquel Calvok. Ekainean jaialdi bat antolatuko dute agur esateko.

Pochutara eginiko azken bisitan, Apsadecekoek laguntzaren onuradunei kobratu egiten zietela ohartu ziren Bateginezekoak. Erabaki hori euren kabuz hartu zuten, eta gerora ere ez zuten informaziorik eman. Euren arteko tratuak txarrera egin du geroztik, eta "beste aukerarik" ez dutela izan dio Calvok. Guatemalako elkarteak batzen dituen Asexa erakundeagaz ere egon ziren egoera konpondu guran, eta Pochutako elkartean zuzendaritza aldaketa bat egitea proposatu zioten Bateginezekoek. "Baina ez da inor hori egitera ausartu", esan du Calvok. Hango gro soziala gogorra dela gogoratu du: "Guatemalako arazo guztiak pilatzen diren herria da Pochuta". Lurjabeen kontrola, narkotrafikatzaileak, matxinada baten eraginez 2011tik alkate barik...

40 bazkidek eta umeei bekak ematen zizkieten Durangaldeko 300 lagunek osatzen zuten Bateginez. Urtero 87.000 euro inguru bidaltzen ziren Pochutara. Eskolaratzean, bizi baldintzen hobekuntzan eta emakumeen jabekuntzan egin zuten lan. Egoitza bat ere zabaldu zuten bertan, botikak emateko eta ikastaroak-eta eskaintzeko, esaterako. Amaitu dute euren lana, baina guztien artean egindakoa baloratu gura izan dute. "Hazia erein dugula uste dut", esan du elkarteko Maite Usategik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!