'Su izan nahi' antzezlana estreinatuko dute, zapatuan, San Agustinen

Anboto 2015ko api. 15a, 11:30

Metrokoadroka Teatroa taldeak Zubi lehiaketaren babesagaz sorturiko Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzezlanaren lehenengo emanaldia hartuko du, San Agustin kulturguneak, zapatuan, 20:00etan.

Aurretik Poza antzezlana sortu zuen lantaldeak dihardu Su izan nahi lanean ere: Idoia Beratarbidek, Jabi Barandiaranek, Asier Sarasolak, Ander Fernandezek eta Oier Guillanek osaturiko taldeak.

Metrokoadroka taldearen ohiko kode narratibotik aldenduta, poesia eta pintura, umore absurdoa eta performancea, baliatuta sortu dute antzezlan hau. Kode eszeniko berriekin esperimentatuz.

Kulturaren arloan sumatzen zituzten erronkak asetu ahal izateko sortu zuten, 2008an, Metrokoadroka sormen laborategia, arlo ezberdinetako proiektuen autogestiorako tresna bezala. Pintura, eskultura, musika, argazkigintza, antzerkia eta literatura jorratzen dituzte, besteak beste, taldekideek.

Gorakada, domekan

Abadiñoko Gorakada taldearen emanaldia ere hartuko du, asteburu honetan, Durangoko antzokiak. Domekan, 18:00etan hasiko da, Aladdin antzezlanaren emanaldia. Lau urtetik gorakoentzako sorturiko obra da, Alex Díaz abadiñarrak zuzendurikoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!