Hamar musika taldek osaturiko kartela dakar Wombat jaialdiak

Anboto 2015ko api. 14a, 15:10

Wombat Booking elkarteak antolaturiko Wombat Fest musika jaialdia egingo dute, barikuan eta zapatuan, Durangoko Plateruenean. Antolatzaileen berbetan, “musika jarraitzaileak eta musikariak omendu guran” antolaturiko jaialdia da. Hamar musika talderen zuzenekoak izango dira bi egunetan, eta DJen emanaldiekin itxiko dituzte, bai barikuko eta baita zapatuko hitzorduak ere.


Toundra da barikuko kartelburua, eta 00:30etatik aurrera ariko dira, Plateruenean. IV diskoa aurkeztuko dute, eta Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarra izango da. Laukote horren aurretik ariko dira, Minor Empires, Adrift edota Viva Belgrado taldeak, eta baita Euskal Herriko talde bi ere: Eneko MobyDick getxoztarrak zabalduko du jaialdia, 19:30ean, eta Rooms diskoa aurkeztuko du, ondoren, Cohen taldeak.
Santiagon (Galizia) jo ostean eta Londresen (Inglaterra) aritu aurretik joko du, bestalde, Russian Circles Chicagoko taldeak Durangoko jaialdian. Memorial diskoa aurkeztuko dute Plateruenean, metal doinuak eta soilagoak nahasten dituena.

Nahasketa esperimentalak, doinu anbientalak zein elektroakustikoak eskaintzen dituzten DJek girotuko dute, kontzertuen ostean, Kafe Antzokia, bi egunetan. Fernando Carvalho, Radithor, Neobot eta La Hora del Caos DJak gonbidatu dituzte.

Egun bakarrerako zein eguneko sarrerak, internet bidez, www.kulturalive.com atarian daude euskaragai.

Egitaraua

Apirilaren 17an
19:00, Ateen irekiera
19:30, MobyDick
20:15, Cohen
21:00, Viva Belgrado
22:00, Adrift
23:15, Minor Empires
00:30, Toundra

Ondoren, Fernando Carvalho, Radithor, eta Neobot DJ Set

Apirilaren 18an
20:30, Ateen irekiera
21:00, Jaundone
22:30, Helms Alee
23:30, Russian Circles

Ondoren, 03:00ak arte,  La hora del caos

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!