Zapping film laburren lehiaketa egingo dute asteburuan, Durangon

Anboto 2015ko api. 10a, 09:00

Bihar, zapatua, 15:00etan hasita, 24 ordu edukiko dituzte parte-hartzaileek filmak sortzeko. Izenik eman ez arren, parte hartu gura dutenek bihar bertan ere aukera izango dute izena emateko. (Bideoan: iazko lehiaketako film irabazlea)

Durangoko Plateruenean emango diote hasiera, bihar, Zapping film laburren lehiaketari, eta kafe antzokian bertan egingo dute aurkezturiko lanen emanaldia ere, domekan. Bihar, 15:00etan, Platerueneko anfiteatroan elkartuko dira parte-hartzaileak, film laburren grabazioan jorratu beharko duten gaia eta baldintzak zeintzuk diren ezagutzeko. Hurrengo eguneko 15:00ak arteko tartea edukiko dute gazteek, gehienez ere zortzi minutuko iraupena eduki dezaketen film laburrak pentsatu, grabatu eta editatzeko. Plateruenean entregatu beharko dituzte sorkuntza lanak, domekako 15:00ak baino lehen, Mpeg edo Avi formatuetan.

Bigarren urtea da Zapaburu gazte konpartsako kideek lehiaketa hau antolatzen dutena, eta iaz, lehenengo edizioan, Durangoko institutuan egin zituzten lehiaketara aurkezturiko lanen emanaldia eta sari banaketa. Hamar taldek parte hartu zuten lehiaketaren lehenengo edizio horretan.

Filmen emanaldirako Durangoko institutua baino gune aproposagoa delakoan, Plateruenean egingo dute lehiaketaren itxiera jaialdia. Domekan, 18:00etan hasiko dute emanaldia, eta, ondoren, sariak banatuko dituzte.

Parte hartzeko, apirilaren 9ra arte eman ahal izan da izena, baina antolatzaileek azpimarratu dutenez, bihar Plateruenera sortzeko gogoz hurreratzen direnek ere ez dute izena emateko arazorik izango. Nahi duten guztiak animatu dituzte Zapaburukoek ekimenean parte hartzera.

Gazteek gazteentzat sortutako lanen bueltan asteburu bat elkarrekin pasatzeko antolatzen du gazte konpartsak lehiaketa. “Gai baten aterkipean mila aurpegi gorde daitezkeela erakutsi” gura dute lehiaketaren antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!