Aldundiak Tabirako biribilguneko obrak arau subsidiarioak kontuan hartu gabe hasi dituela salatu du PSE-EEk

Anboto 2015ko mar. 31a, 13:50

Durangoko Udaleko alderdi sozialistak eskaera erregistratu du "gertaera honen inguruan Aldundiak ahalik eta arinen erantzun dezan". Ildo honetatik, Durangoko sozialistek Aldundiari galdetu diote ea zergatik kendu duten arau subsidiarioetan agertzen den Gasteiz Bidea kalerako sarbidea. Gaineratu dutenez, segurtasun arrazoiengatik kendu badute, sarbide hori bertan behera uzteak gainerako bideetan izango lukeen eraginaren inguruko azterketa zehatza aurkeztu beharko lukete.

 

Pilar Rios zinegotzi sozialistak Tabirako biribilguneko obrak arau subsidiarioak eta auzokideen iritzia kontuan hartu gabe hasi izana salatu du, baita "Aldundiak erantzunik ez ematea eta udal gobernuaren inmobilismoa" ere. Riosen ustez, "Aldundiak orain 30 urte egin zuen moduan, obrak gabezia handiekin, indarrean dauden arauak bete gabe eta herriko instituzioekin batu gabe eta udalean onartutako eskaera eta ekarpenei jaramon egin gabe hasi ditu".

 

Sozialistek diotenez sarritan eskatu diote gobernu taldeari Aldundiagaz berba egin dezan BI-623 errepideko obretan aldaketak egin ditzaten, baina "ez digute jaramonik egiten eta adjudikatu duten proiektuak Gasteiz Bidea kalerako sarbidea ez dute kontuan hartzen. Berriro ere, Aldundiaren eta gobernu taldearen utzikeriak, EAJ buru duela, txarto diseinatutako proiektu baten dirua xahutzea eragingo du".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!